Baztan eta Zugarramurdiko mapa berritua argitaratu du Suak

xorroxin bidean

Oihanaren itzalpean, Xorroxinerako bidean. Argazkia: Txusma Perez Azaceta. 

Baztan aldean gaudela, nola ez sentitu sorgindurik bailarako berde biziaren eta herri zein baserri zurigorrien zipriztinen aurrean, mendi harro baina eskuragarriek hesitzen gaituzten bitartean? Ahazturan galdutako ibarrak (Aritzakun, Urritzate…), legendari estu loturik bizi diren zokoak (Xorroxingo ur-jauzia), Auza bezalako mendi totemikoak, ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituzten goi erlaitz malkartsuak (Iparla), akelarre usaina darien haitzuloak (ZUgarramurdiko Sorginen Lezea), Beartzungo baso sarriak, oihanaren barrenean iraun duen errota bakartia (Infernuko Errota)… Zerrenda nahi beste luza genezake eta herrien edertasuna erantsi beharko genioke, baita antzinako ekanduen xarma, bertako jendearen harrera beroa eta biziberriturik entzungo dugun euskara… Osagai horiekin nola ez sentitu ametsetako paradisuan?

Bertara bisitari joan nahi dutenentzat, Sua argitaletxeak Baztango mapa berritu eta gaurkotua kaleratu berri du, 1:25.000 eskalan. MIguel Angulo adituak egin du eta 970 x 675 mm zabalera dauka. Maparekin batera 48 orrialdeko liburuxka dakar. Bertan Gorka Lopez kazetari espezializatuak edizio honetarako beren-beregi prestatu dituen hamabost txango eta igoera aurkituko dituzue. besteak beste, natur erreserbetarako txangoak (Itsusiko Harria, Irubelakaskoa) eta bailarako mendi nagusietarako igoerak (Albako Harria, Legate, Auza, Iparla, Alkurruntz…).

PORTADA MP BAZTAN.indd

Aizkorri-Aratz mendiguneko mapa berria

PORTADA MP Aizkorri.indd

Euskal Herriko mendizaleek sarritan jotzen dute Aizkorri-Aratzeko natur parkeko eremura, bertan baitaude izen eta izan handiko natur paraje zoragarriak. Eremu hori 1:25.000 eskalan kartografiatu berri du Miguel Angulok eta Sua Edizioak-ek argitaratu: Mapa Pirenaico atalean kaleratu da, ‘Sierra de Aizkorri-Aratz’ izenarekin.

Mapa berriak azken urteotan inguru horretan egin diren aldaketa guztiak erantsi ditu, baita eremu zabal horretako ibilbide seinaleztatu guztiak islatu ere (GR, PR, lekuan lekuko bideak eta Donejakue bidea). Osagarri gisa, mapari atxikitako liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak hemeretzi txango eta igoera proposatu ditu, Aizkorri eta Aratz aldeko lekurik ezaugarrienak ezagutzeko. Ibilbide horietako trackak laster izango dira Sua Edizioak argitaletxeko web gunean eskuragarri.

Horrela, mendizaleak esku-eskura edukiko ditu Urkilla, Elgea, Aloña, Aizkorri eta Altzania aldeko mendietako lekurik ederrenak. Degurixako sarobeetatik Aitxuriako tontorreraino (1.551 m) eta Altzaniako pagadi sarrietatik Ozetako troka meharretara. Jakina, toki klasiko guztiak ahaztu gabe: Arantzazu, Urbiako landa, Araotz, Aizkorri, Lezea, Aratz eta beste asko.

Aralarko mapa berria, oraingoan 1:25.000 eskalan

PORTADA MP ARALAR.inddSua Edizioak argitaletxeak Aralar mendilerroko mapa berria argitaratu du, oraingo honetan 1:25.000 eskalan. Lan kartografiko zehatza egin du Miguel Angulok, aurreko bere mapa guztiak berriz jorratu eta eguneratu ostean. Zeregin horretan azken orduko aurrerapen teknologikoaz baliatu da.

Argitalpen berri honetan Aralarko mendigunea bere osoan bildu da, hala Gipuzkoari dagokion alderdia nola Nafarrokoa, alegia, Ataunen hasi eta Ihabarreraino eta Ordizitik Lekunberriraino. Inguru horretan dauden ibilbide seinaleztatu guztiak ere islatu ditu, izan GR, PR edo lekuan lekuko ibilbide laburrak. Euskal Herriaren mendizaletasunaren bihotza guztion eskura dago, modu errazean eta aitzakiarik gabe.

Maparekin batera 58 orrialdeko liburuxka editatu da, mapa sorta berri honetako ohiturari jarraituz. Bertan, Gorka Lopez mendizale adituak, ibilbide seinaleztatuei begirada xumea eskaini ostean, hogei txango eta igoera proposatzen dizkie irakurleei, Aralarko lekurik ederrenetan eta ezaugarrienetan barrena. Proposamen horiek ere mapan islatuta daude eta, horrez gain, ibilbideei dagozkien trackak laster izango dira Sua Edizioaken web gunean eskuragai.