Iratiko oihaneko mapa berria, udazkeneko laguna

IratiOriolConesa

Iratiko  Etxeak udazkenean. Argazkia: Oriol Conesa / Nafarroako Gobernua. 

Sua argitaletxeak Iratiko oihaneko mapa berria plazaratu du 1:25.000 eskalan. Aribetik Orhiraino eta Urkulu eta Ortzantzurietatik Arthanolatzeraino, Garazi, Zuberoa, Aezkoa eta Zaraitzuko Irati osoa kartografia ederrean bilduta dakar lan honek. Noiz eta Iratiko basoa kolorez janzten zaigun aroan bertan.

Laster hasiko dira pagoak gorritzen, haritzak horizten eta orbelak airez aire. Orduan agertuko zaigu begien aurrean Iratirik sorginduena, magia dariola. Udazkenarekin batera milaka lagun hurreratzen da kolore festa horren usainean. Iratiko oihanaren mapa berriarekin guk aukeratuko ditugu lekurik egokienak, batzuetan ohiko parajeetatik ibiltzeko (Irabiako urtegia, Iratisoro, Iratiko etxeak, Abodiko bizkarra, Orbaizetako fabrika…) eta beste batzuetan Gorka Lopezek mapari atxikitako liburuxkan proposatu dizkigun ibilbide ederretan barrena lasai-lasai galtzeko (Arritzilar eta Itolatzeko malkarrak, Iratiko sorburua…).

Mapa Miguel Angulok egin du eta 970 x 675 milimetroko zabalera dauka. Liburuxkan Gorka Lopezek 15 txango proposatu dizkie irakurleei, hala paseoan ibiltzeko nola inguruetako tontorretara (Berrendi, Urkulu, Okabe, Orhi, Errozate…) igotzeko.

iratikomapa