Burgosko iparraldeko altxorrak, denon eskura

cubierta_SEND_BUR.indd

Sua argitaletxeak 40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos liburua kaleratu berri du. Bertan, Burgosko iparraldeko natura eta kultura arloko altxorrak ezagutzeko parada emango diguten ibilbide labur zoragarriak aurkituko ditugu. Bideok aukeratzea, deskribatzea eta argazki ederretan betikotzea eskualdea zehatz-mehatz ezagutzen duen Pablo Moreno Moralesek egin du.

Burgosko Merindades bailara historikoa Bizkaia bezain handia da zabaleraz baina oso populazio txikia dauka. Mendebaldean, Kantabriako mugan, Alfoz de Santa Gadea dago eta bertatik Bizkaia eta Arabaraino dator, Mena, Losa eta Tobalina ibarrak Gaubea, Aiara eta Enkarterrien auzoak dira eta. Ebro ibaiak erditik ebakitzendu eta eskualdean zazpi eremu natural eder eta eskutada bat monumentu-multzo ikusgarri gorde ditu. Ojo Guareñan hasi eta Puentedey ederreraino, Ebroko haitzartea, Erdi Arotik atera berria dirudien Frías harrigarria, Montes Obarenes-San Zadornil parke naturala, ur-jauzi liluragarriak eta pagadi amaigabeak kateatzen dira 40 ibilbide aukeratu hauetan.

Xendazaletasunaren atalean sartzen dira txango hauek. Alegia, aldatsak ez dira handiak eta ibilbideak ez dira inoiz lau ordutik gorago joaten. Gainera, beti ibiliko gara bide seinaleztatuetan barrena, gehien-gehienetan Ibilbide Laburretan (PR) eta gainerakoetan Ibilbide Luzeetako (GR) zati batzuetan.

This slideshow requires JavaScript.

Txango bakoitzarekin batera, ibilbidea zehatz-mehatz azaltzen duen testua, jakingarri teknikoak, inguruetan bisita bat egiteko proposamena, jakingarri interesgarri bat, ibilbidearen mapa eta argazki zoragarriak aurkeztu ditu liburuak. Alegia, eskualde harrigarri horrekin gozatzeko behar dugun guztia.

Pablo Morenok biziki maite ditu argazkilaritza eta natura. Arlo horietan lan batzuk plazaratu ditu. Hauxe da Sua Edizioak-ekin argitaratu duen lehenengo liburua.

SenderismoBurgos.indd

Euskal Herriko lautada xarmagarriak

eh18-llanurasazalatxiki

Gurea herri menditsua da, Bizkaiko Golkoaren ur harroen hegian datzan azal zimurtua. Gure tontorrik garaienak apalak dira, ez dira 2.500 metroak ukitzera iristen, baina, ostera, alderik alde zabaltzen den eremu malkartsuaz goza dezakegu. Hori horrela izanik ere, eskualde eta bailara askotan ordokiak, lautadak, estepak eta ibarretako behealde zoragarriak dira, ibilbide leun atseginak egiteko egoki-egokiak. Santi Yanizek ederrenak batu ditu “Llanuras, senderismo sin desinveles” liburuan, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrian alegia.

Haren eskutik joango gara ibarraz ibar leku liluragarrien bila, naturaz, zerumuga zabalez edo paisaia abegikorrez gozatzeko asmoz. Hasi Urbasa, Entzia, Gorobel edo Andiako larre arteko goi-ordeketatik eta buka Erriberako mortuetako estepa idorretan, goi mendietako zelai leunak (Belagua, Erraize…) edo Arabako Lautadako urmaelen inguruko ibilbideak ahaztu barik.

Orotara, 37 ibilbide ia maldarik ez duten beste horrenbeste lekutara. Goi mailako txango xendazaleak, kasik edonork egiteko modukoak. Euskal Herria Liburuak bilduman ohi den bezala, testuek zehatz deskribatzen dute ibilbidea, baita argazki zoragarriek haien edertasuna islatu ere. Gainera, fitxa bakoitzak mapa eta jakingarri teknikoak dakartza.

This slideshow requires JavaScript.

“Guía de los pueblos amurallados”, gure iraganaldiko harrien xarma

13 AMURALLADOStxiki

Euskal Herria Liburuak bildumak izenburu berritzaileaz ekin dio 2016ari. Izan ere, “Guía de los pueblos amurallados” (herri harresidunen gidaliburua) liburuak ez dauka kasik aurrekaririk gurean. Gidaliburu horretan harresia gorde duten 28 herri bildu eta deskribatu dituzte. Gainera, antzinako zerketako atalen bat zutik duten beste 30en baten berri ere eman dute, laburrago.

Euskal Herrian ez dago mundu mailan ospetsuak diren Dubrovnik, Carcassone edo Avilaren parekorik. Baina badira gurean herri harresidun asko, zein bere ezaugarriekin: hiriburu handiak (Iruñea), herrixka gotorrak (Salinillas de Buradón, Torralba del Río), erromatar aroko harresiak (Erriberri), Erdi Arokoak (Agurain, Artaxoa) edo Vauban ingeniari ospetsuak diseinatutakoak (Baiona).

Gidaliburu honetan harresi bakoitzaren historia eta bilakaera jaso dute, baita gertakizun garrantzitsuenen edo harrigarrienen berri eman ere. Beste atal batean, zerkaren gaur egungo egoera zertan den azaldu eta bisitatzeko ibilbidea proposatu du. Gainera, harresia planoan kokatu eta argazkiak erantsi dituzte. Azkenik, hiztegi labur bat ere atxiki diote liburuari, arkitektura militarraren berben esanahia azaltzeko.

“Guía de los pueblos amurallados” liburuaren bidez hedabideetan gutxitan azaltzen diren herri txiki zoragarriak aurkituko ditugu, ezagutzen ditugun beste batzuk bestela ikusiko ditugu, gure iraganaldiko pasarte kitzikagarriekin minberatuko gara eta gure ondarearen harribitxietan barrena gozatuko dugu, antzina gerla tokiak izan zirenak gaur egun, kasu batzuetan behintzat, elkarbizitzarako eta aisialdirako eremu gustagarri eta baketsuak bilakatu baitira.

Liburuaren egilea Hektor Ortega da, Sua argitaletxeko editorea. Bidaia gidaliburuak eta “Euskal Herria. Historia, paisaia, kultura” liburua idatzi ditu, besteak beste. Historia gaiez sarri jardun du, hala argitalpen dibulgatiboetan nola espezializatuetan.