Hemen daude Euskal Herriko BTT ibilbiderik onenak

Egun gutxi egin ditu gure artean eta dagoeneko zeresana ematen hasi da. Iván Ruiz Rotaecheren “Las mejores rutas en btt” liburuak herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duten hogeita hamar ibilbide zirkular dakartza bere baitan, bizikletaz Euskal Herriaz goza dezagun. Nahi duzu jakin ze ibilbide diren?

Lerroon azpian Iván “Rota”k hautatu, diseinatu eta korritu dituen hogeita hamar proposamenen zerrenda laga dugu. Haiekin batera, sarrera laburra eta ibilbideetako bat jarri dugu, Zumaiako flyscha eta euskal kostaldeko geoparkea, hain zuzen ere. Horrela liburua zertan den jakingo duzue. Ondo ibili!

Bide batez: bildumaren itxura eta diseinua berriztatzeari ekin diogu. Ea gustatzen zaizuen!

“Las mejores rutas en BTT”, Euskal Herria bizikletaz ezagutzeko deia

Euskal Herria Liburuak bildumako 2021eko lehenengo emaitzak, “Las mejores rutas en BTT” liburuak alegia, gure herriko natura-eremuetan barrena bizikletaz ibiltzeko gonbitea dakar. Gure geografia joria ezagutzeko ibilbide zirkularrak proposatu ditu, hala itsaslabar malkarren gainetik nola Bardeetako mortuetatik, Pirinioetako gailur harroak edo Arabako harizti zabalak ahaztu gabe. BTTz egiteko pentsatuta badaude ere, ibilbide hauek ezagutaraziko dizkiguten lekuetako batzuk oinez ere egin genitzake, hala nahi izanez gero.

Liburuak, gainera, nobedadeak dakartza. 2021. urtean zehar bildumako liburuek diseinua berritu eta eguneratuko dute, edukiak are erakargarriagoak egiteko ahaleginean. Esaten dugunaren erakusgarri bikaina da post honen buru paratu dugun liburuaren azal ederra.

Iván Ruiz Rotaechek idatzi ditu liburuko testuak eta egin ditu liburuko argazkiak. Mendizale eta txirrindulari iaioa, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Euskal Herriko natura-eremuak. Pyrenaica aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da. Zer hobeto liburua Ivánek berak aurkeztea baino? Aurrera bideoa!

Heldu da “Rutas circulares fáciles” liburuaren bigarren edizioa

Joan den abuztuan agertu zen liburu-dendetan “Rutas circulares fáciles”, Euskal Herrian barrena egiteko 45 mendi-txango biltzen dituen liburua. Mendizaleek eta, oro har, publiko zabalak, harrera beroa eman zioten hasieratik bertatik. Horren ondorioz, sei hilabete egin orduko liburua agortu da. Orain heldu da liburu-dendetara bigarren edizioa.

Mendi ostera zirkular sorta hau mota guztietako natura-eremuetan barrena ibiltzen dira, izan itsaslabar harroak, izan Pirinioetako gailur segailak. Oihanak, haitzarteak, goi-ordokiak, tontor bakartiak, labore-sailez estalitako ibarrak, ikuspegi zabaleko muinoak… horiek eta beste asko agertuko zaizkigu ttipi-ttapa goazela Euskal Herriko txoko ederrenetatik. Are gehiago: urtaroaren arabera aukeratu ditzakegu gure txangoak, ahalik eta gozatu handiena lortzeko.

Ibiilbide bakoitzarekin, fitxa teknikoa, mapa eta argazkiak erantsi dizkiogu. Egilea, Txusma Perez Azaceta, Euskal Herria osoa goitik behera eta hegotik iparrera ibilita dago. Euskal mendiei buruzko liburu andana argitaratu du eta horietako batzuk, honez gero, klasiko hutsak dira.

Ezagutzen ez duzuenontzat, lerroon azpian, aurkibidea, sarrera eta mendi igoera bat utzi dugu, liburuaren mamiaren erakusgarri. Ondo ibili!