“Las mejores rutas en BTT” liburuak interes handia piztu du

Otsailaren amaieran kaleratu zen “Las mejores rutas en BTT” liburua, Iván Ruiz Rotaechek egindakoa, eta harrezkero harrera beroa jaso du hala hedabideetan nola publikoaren aldetik. Horren erakusgarri dira kazetariek egileari egin dizkioten elkarrizketak, baita salduenen zerrendan agertu izana ere.

“Las mejores rutas en BTT” liburuak hogeita hamar ibilbide bildu ditu Euskal Herrian mendi bizikletaz egiteko. Mota guztietako paisaietan barrena ibiltzen da, hala basamortua nola kostaldeko labarrak, oihanak, lautada zabalak eta Pirinioetako erraldoiak. Baietz zure gustukoa topatu!

Esan bezala, hasieratik bertatik igarri da liburu honekiko interes handia. Dagoeneko hedabide askok islatu dute, hala irratiek nola egunkariek eta agerkari digitalek. Adibidez, hemen uzten dizuegu Euskadi irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketa. 2 h 3 minutuan hasten da.

Eta irakurleek ere antzeko jakinmina erakutsi dute. Aste honetako liburu salduenen zerrendan agertu da Elkar liburu-dendetan, erdarazko ez-fikzioa ataleko bosgarren postuan.

Iván Ruiz Rotaecheren liburu honek aukera paregabea eskaintzen digu Euskal Herriaz bizikletaz gozatzeko. Bazatoz?

Hemen daude Euskal Herriko BTT ibilbiderik onenak

Egun gutxi egin ditu gure artean eta dagoeneko zeresana ematen hasi da. Iván Ruiz Rotaecheren “Las mejores rutas en btt” liburuak herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duten hogeita hamar ibilbide zirkular dakartza bere baitan, bizikletaz Euskal Herriaz goza dezagun. Nahi duzu jakin ze ibilbide diren?

Lerroon azpian Iván “Rota”k hautatu, diseinatu eta korritu dituen hogeita hamar proposamenen zerrenda laga dugu. Haiekin batera, sarrera laburra eta ibilbideetako bat jarri dugu, Zumaiako flyscha eta euskal kostaldeko geoparkea, hain zuzen ere. Horrela liburua zertan den jakingo duzue. Ondo ibili!

Bide batez: bildumaren itxura eta diseinua berriztatzeari ekin diogu. Ea gustatzen zaizuen!

“Las mejores rutas en BTT”, Euskal Herria bizikletaz ezagutzeko deia

Euskal Herria Liburuak bildumako 2021eko lehenengo emaitzak, “Las mejores rutas en BTT” liburuak alegia, gure herriko natura-eremuetan barrena bizikletaz ibiltzeko gonbitea dakar. Gure geografia joria ezagutzeko ibilbide zirkularrak proposatu ditu, hala itsaslabar malkarren gainetik nola Bardeetako mortuetatik, Pirinioetako gailur harroak edo Arabako harizti zabalak ahaztu gabe. BTTz egiteko pentsatuta badaude ere, ibilbide hauek ezagutaraziko dizkiguten lekuetako batzuk oinez ere egin genitzake, hala nahi izanez gero.

Liburuak, gainera, nobedadeak dakartza. 2021. urtean zehar bildumako liburuek diseinua berritu eta eguneratuko dute, edukiak are erakargarriagoak egiteko ahaleginean. Esaten dugunaren erakusgarri bikaina da post honen buru paratu dugun liburuaren azal ederra.

Iván Ruiz Rotaechek idatzi ditu liburuko testuak eta egin ditu liburuko argazkiak. Mendizale eta txirrindulari iaioa, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Euskal Herriko natura-eremuak. Pyrenaica aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da. Zer hobeto liburua Ivánek berak aurkeztea baino? Aurrera bideoa!