
Otsailaren amaieran kaleratu zen “Las mejores rutas en BTT” liburua, Iván Ruiz Rotaechek egindakoa, eta harrezkero harrera beroa jaso du hala hedabideetan nola publikoaren aldetik. Horren erakusgarri dira kazetariek egileari egin dizkioten elkarrizketak, baita salduenen zerrendan agertu izana ere.
“Las mejores rutas en BTT” liburuak hogeita hamar ibilbide bildu ditu Euskal Herrian mendi bizikletaz egiteko. Mota guztietako paisaietan barrena ibiltzen da, hala basamortua nola kostaldeko labarrak, oihanak, lautada zabalak eta Pirinioetako erraldoiak. Baietz zure gustukoa topatu!
Esan bezala, hasieratik bertatik igarri da liburu honekiko interes handia. Dagoeneko hedabide askok islatu dute, hala irratiek nola egunkariek eta agerkari digitalek. Adibidez, hemen uzten dizuegu Euskadi irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketa. 2 h 3 minutuan hasten da.
Eta irakurleek ere antzeko jakinmina erakutsi dute. Aste honetako liburu salduenen zerrendan agertu da Elkar liburu-dendetan, erdarazko ez-fikzioa ataleko bosgarren postuan.
Iván Ruiz Rotaecheren liburu honek aukera paregabea eskaintzen digu Euskal Herriaz bizikletaz gozatzeko. Bazatoz?