“Pueblos con encanto de Galicia”, lilurari gorazarre

GL04_CUBIERTA.inddGaliziak ez du hutsik egiten edertasuna hizpide hartu ezkero. Dela itsas bazterrean, dela ibai ertzean edo oihanaren erdian, gogotik egiten dio gorazarre lilurari. Galicia bildumako liburu berriak, “Pueblos con encanto y excursiones por los alrededores”alegia, 38 herri eder aurkezten dizkigu. Guztiak dira ederrak, baina, horrez gain, liluratu ere egiten dute, paregabeak direlako, pintoreskoak, lasaiak, harrigarriak edo abegikorrak. Xarma darie herri txiki hauei antzinako eraikinetako harrien artetik, edo oihan hezeen gerizpean, gozo besarkatzen dituen natura basatiaren altzoan… Anxo Rial adituak egin ditu deskribapenak eta argazkiak, ohi duen trebeziaz eta dotoreziaz.

Nahi baduzue dastaketa txiki bat egin, klikatu beheko estekan eta bertan aurkituko dituzue liburuko herrien zerrenda, hitzaurrea eta herrietako bat. Que teñas unha boa viaxe!

Pueblos Galicia

“Pueblos con encanto de Gipuzkoa”, Gipuzkoako herrien ederra

EH38_GIPUZKOA_pueblos

Gipuzkoan baserriak mendixketara igotzen dira muino eta goiko larreen bila, handik itsasoaren urdina eta mendi garaien gandorrak ikusiko dituztelakoan. Herrigune txikiak, jende abegikorrari, ondare ikusgarriari eta berezko xarmari eutsi dioten herri horiek alegia, bailara eta zokondoetan barrena barreiatuta daude. Horietako hogeita hamar aukeratu dituzte Joana Garcia eta Txemi de los Doloresek “Pueblos de Gipuzkoa con encanto” liburua atontzeko. Banaka deskribatu eta erretratatu dituzte, beti ere mimo handiz, denon esku diren bezain ederrak uzteko. Kalez kale ibiltzeko gonbitaz gain, inguruetatik txango bana proposatu digute, Gipuzkoako ederrekin ase arte.

Horrelakoetan esan ohi den bezala, liburuan ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak badira. Nahikoa da beheko estekan klikatzea esaten dugunaren egia baieztatzeko. Hartu gozatua Gipuzkoako herriekin!

GIPUZKOA_ERREZIL-gehigarria

“Pueblos de Bizkaia con encanto”, Bizkaiari xarma dario

EH35_PUEBLOS BIZKAIA

Mende eta erdia joan da norbaitek burutazio xelebrea eduki zuenetik. Orduan egin eta argitaratu baitzuen Bizkaiko herrien gidaliburua Juan Bautista Eustakio Delmas inprimatzaileak. Berak ondutako “Guía histórico-descriptiva del viajero del Señorío de Vizcaya” 1864an atera zen salgai. Gida goiztar hartan Bizkaiko herri guztiak deskribatu zituen eta bertara joan nahi zutenentzako aholkuak jaso zituen.

“Pueblos de Bizkaia con encanto” bidaia-liburuen tradizio horretan txertaturik sortu da. Izan ere, Bizkaiko 25 herriren edertasunak zehatz-mehatz islatzeaz gain, haietako bakoitzaren nortasunaren gakoak eman ditu. Eta, zer esanik ez, herri horietan eta inguruetan gozatzeko moduko ibilbideak proposatu ditu.

Gidaliburuko herrietako asko bizkaitarren eta itsasoaren arteko harreman estuaren ondorioz sortu ziren. Ontziak babesteko moduko kostaldeko zoko-moko guztiak, baita zeregin hori ozta-ozta bete dutenak ere, portu bihurtu zituzten eta lekuan lekuko kaien ondoan herri arrantzaleak jaio ziren. Beste herri batzuk Behe Erdi Aroko hiribilduak dira, merkataritzari begira sortuak eta kalea izateko eratuak. Ez dira falta baserriz, errotaz eta olaz zipriztindutako ibar berdeak. Eta, gainera, liburuak gorde ditu meatzarien herriak, Gaztelako mugako hiri aduanadunak, eta hiribildu izatera heldu ez ziren herriguneak.

Zerrenda horretako guztiak naturari eta mendez mende eta belaunez belaun jarraipena eman dioten gizon-emakumeei zor dizkiegu. Denek egiten dute Bizkaia eder.

Liburuko 25 herriotan Javi Pascual ibili zaigu gidari. Ondo baino hobeto ezagutzen du Bizkaia, bazter guztietan barrena sarritan ibilita dago eta. Gainera, herrialdea aldatzen ikusi du azken 30 urtez Sua Edizioak argitaletxeko zuzendari aritu izanak eskaini dion begiraleku paregabetik. Bere ahaleginari esker, liburu eder honek orain dela 150 urte Delmasek ireki zuen bidetik eramango gaitu.

This slideshow requires JavaScript.