“Piripuinak”, Pirinioak txikienekin gozatzeko plana

Etxeko txikienak mendizaletzeko gogoa edukiz gero, hauxe da gure liburua: Piripuinak. Liburuak mota biko testuak uztartu ditu: Pirinioetan girotutako ipuinak eta ipuinetan ageri diren lekuetatik egiteko mendi txangoak. Koktel zoragarria osatzeko, Rakel Garcíaren ilustrazio zoragarriak batu dizkiogu. Itzela!

Bost dira ipuinak, Erronkaribarretik hasi eta Benasquerainoko tartean girotutakoak. Pirinioetako hego isurialdeetako parajeak eta animaliak agertzen dira: Camille hartza, Linzo sarrioa, Tena haraneko igela, Tozaleko labarretako sugandilak eta Carlota marmota. Baina ez dira ipuinak bakarrik. Gainera, eremu horretan egiteko 33 mendi ibilbide bildu ditu María Lombillok, ipuinetako protagonistak eta haien ingurua bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko. Oihan, mendi eta belardietatik gora eta behera ibiliko gara, paisaia zoragarriak lagun. Ibilbibide bakoitzak bere bideoa eta tracka ere badakar, galdu gabe ibil gaitezen.

Eta, azkenik, baina ez azkena, Rakel Garcíak prestatu dituen ilustrazio bikainak aipatu behar ditugu, liburu hau begietatik sartuko zaigulako. Nahi baduzu ikusi, lerroon azpian lagin bat jarri dugu. Gozatu!

Gipuzkoan umeekin egiteko ibilbide sorta bikaina

Liburu honetan hogeita sei ibilbide aurkituko ditugu. Baina txango sorta eder horrek ezaugarri berezi bat dauka: umeekin egiteko pentsatuta daude. Gipuzkoako eskualde guztietan barrena, edertasun natural handiko edo ondare historiko nabarmeneko lekuetara eramango gaituzte. Beti, haurren gaitasunetara egokitutako desnibelekin eta distantziekin.

Horrela, ibilbide berak bi aldaera eskaintzen ditu: bata laburra, txikienekin gozatzeko, eta bestea luzeagoa, indarrak eta adina lagun dituenak erakartzeko. Ibilbide bakoitzari buruzko informazio gehigarria eskaintzen du liburuak, baita bideoak eta ibilbide bakoitzaren mapa deskargatzeko QR kodeak ere.

Kostaldeko labar eta hondartzetatik Aizkorri eta Aralar aldeko mendietara, eta Udalatxeko magaletatik Jaitzubiako zingiretara, Gipuzkoa osoa ezagutzeko eta bere natura- eta ondare-altxorrak bertatik bertara ikusteko gonbita dakar aldean.

Liburua euskaraz (Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa) eta gaztelaniaz (Rutas en familia por Gipuzkoa) kaleratu da.

Egilea, Iñaki Alcalde, eskarmentu handiko mendizalea da eta, gainera, mendi liburuak eta artikuluak idazten trebatuta dago. Besteak beste, Guía de montes de Gipuzkoa gidaliburu arrakastatsua ondu zuen, Txusma Perez Azacetarekin batera. Dagoeneko, seigarren edizio argitaratu dira.

“Rutas con niños por Navarra”, umeekin naturan ibiltzeko gonbite paregabea

Rutas CON NIÑOS por NAVARRA

Erronka polita dakar aldean “Rutas con niños por Navarra”k: etxeko txipiak Nafarroako natura ezagutzera bultzatzea. Liburua Pablo Hervás Pinillak egin du eta Sua Edizioak-ek argitaratu.

Proposamen zerrenda osatzeko orduan, egileak oso kontutan hartu ditu urrats labur eta begirada zoliko bidaide horiek: gehien jota, 5 km luze eta 200 metroko desnibela. Horregatik, 33 ibilbide hauetan txango errazak, atseginak eta umeen jakin-mina asetzeko modukoak aurkituko ditugu, jakingarri interesgarriz egoki hornituta.

Errazak izateak, hala ere, ez du esan nahi ahaleginik eskatzen ez dutenik. Ez dira etxe barruko paseoaldiak; aldiz, badute zailtasunik, maldarik, bidezidor esturik, haitz arteko ibilbide deserosorik, igarobidea oztopatzen duen landaretza trinkorik… Ezer larririk ez, baina kontuan edukitzekoa.

Eta beste kontu bat ere seguru da: haien eskutik Nafarroa ezagutzea abentura hutsa izango da.

This slideshow requires JavaScript.