El ecologista en casa, etxean eduki beharreko gidaliburua

GUIA ECOLOGISTAblogaUdak ekarri digun “La guía práctica del ecologista en casa” liburua ezinbestekoa izango da biodibertsitateari eusteko beharrizana gure baitan sentitzen dugunontzat. Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak informazio zehatza eta eragingarria dakar gure eguneroko ohiturak ingurugiroarekiko begirunerantz aldatzeko. Aholku sorta erraza eta praktikoa da, azken finean denon esku dago eta.

Liburuak praktikara eraman nahi du ingurugiroa zaintzeko gizartean antzematen den ardura. Grina hori gero eta handiagoa da, baina gauzatzeko bideak behar ditu. Helburu horrekin gidaliburu honek hamaika aholku aletu ditu, eguneroko bizimoduan eragiteko, hala etxean (garbiketa, tresna elektrikoak, energia gutxiago gastatzea, jantziak, norberaren atonketa, brikolajea, erreziklajea…) nola bulegoan edo ikastetxeetan. Gidaliburuak baditu, halaber, kontsumo ohiturak eta aisialdiko jarduerak egokiago egiteko proposamenak.

Egilea Cesar Barba dugu, ibilbide luzeko kazetaria eta Sua argitaletxeko zein El Mundo de los Pirineos aldizkariko aspaldiko kolaboratzailea.

EH_GUIA ECOLOGISTA.indd

Txango errazak maite dituztenentzat, “57 rutas senderistas por Euskal Herria” liburu berria

untitled

Egun hauetan iritsi da liburudendetara “57 rutas senderistas por Euskal Herria”, gure herriko bailara eta parke natural guztietan barrena ibiltzeko gidaliburu berria. Txusma Perez Azaceta adituak idatzi du eta egiterakoan beren-beregi eduki ditu gogoan aldapa gutxiko ibilbide ez oso luzeak maite dituztenak.

Izan ere, liburuko ibilbideak egoki-egokiak dira familia giroan egiteko edo, bestela, mendi xendazaletasunean hasi berriak direnentzat. Txango atseginak dira, sarritan zirkularrak eta beti aukeratuak: bisitatuko diren lekuen edertasunaren edo izaera paregabearen ondorioz aukeratutakoak alegia. Laburbilduz, Euskal Herriko eskualde eta natur eremu nagusi guztietan gozatzeko proposamenak dira, hasi Bardea edo Urdaibai aldean eta amaitu Iratiko oihanean, Karrantzan edo Valderejon.

Txango bakoitzarekin batera ibilbidearen deskribapena, mapa, argazkiak eta inguruetan planak egiteko gomendioak txertatu ditu gidaliburuak. Egilea, Txusma Perez Azaceta alegia, mendi liburuak egiten aditua da. Aurreko liburua, “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca”, 2013an plazaratu zuen Suak eta dagoeneko edizio bi egin ditu.

Liburu hau sorta baten lehen alea dugu. Izan ere, Sua Edizioak argitaletxeak xendazaletasunari lotuko zaion bilduma berria ireki du.

MAKETA.inddMAKETA.indd