“Ascensiones a las montañas más bellas”, mendi ederrenak zain ditugu

Anbotoko erpina, Udalatxetik ikusita. Horrela tentatzen gaitu Ascensiones a las montañas más bellas liburuak, Euskal Herria bildumako ale berriak. Eta argazkia tentagarria izan bada, eder-ederra, botak jantzi eta aitaren batean bertara joateko gogoa pizten duen horietakoa. Nork esango dio ezetz paraje horietara igotzeari? Bada, zalantzarik gabe, beste horrenbeste gertatuko zaigu Txusma Pérez Azacetak osatu duen bildumako gainerako tontorrekin.

Izan ere, egileak bere mendi ederrenen zerrenda osatu du eta horietara igotzeko planak bilatu ditu. Zerrendan badira ezinbesteko mendiak, Orhi, Anboto, Aratz, Larrunarri/Txindoki edo Iparla kasu, baina baita hain ezagunak ez direnak ere. Horra hor, bestela, Soratxipi, Soila edo Pagazelai. Badira bimilako harroak, Ezkaurre eta Arlas esaterako, baina mendi apalak ere ez dira falta, oinak itsasoan dituen Ogoño ikusgarria kasu.

Argazki ederrez egokituta dator liburua, baita jakingarri ugariz hornituta ere. Eta Ramon Portilla alpinistak munduko mendi ederrenen bere aukeraketa erantsi dio, hango eta hemengoekin gozatua har dezagun.

Txusma Pérez Azaceta mendizale aditua da, zazpi libururen egile. Bilduma honetan arrakasta handiko liburuak plazaratu ditu, hala nola Rutas circulares fáciles, Las otras cumbres edo Cañadas y senderos de pastores.

“Excursiones por crestas y cordales”, mendizaleentzako liburua

EH_20184

Euskal Herria Liburuak bildumak ale berria dakar, “Excursiones por crestas y cordales”, mendizaleen gozagarri. Edukiak piztuko du interesa, mendilerroetako bizkarretatik 36 ibilbide dakartzalako. Eta itxurak liluratuko gaitu, txangoak egin bitartean ateratako argazki zabalek zain dauzkagun paisaia itzelak aurkeztuko dizkigute eta.

Egileek, Joana Garcia eta Txemi de los Doloresek alegia, ibarrak zeharkatu dituzte, lepoetara igo eta tontorrik tontor ibili dira. Gandorrik gaitzenak saihestu egin dituzte, igarobide gaiztoenak egin behar ez izateko. Eta haien ibilera horiekin lan itzel hau osatu dute, guk ere lurralde menderakaitz horien berri izan dezagun eta, nahi izanez gero, bertatik bertara ezagutu ditzagun, gure indarrek, jakintzak eta trebeziek eramaten gaituzten lekuraino, behinik behin.

Ibilbide bakoitzak deskribapena, fitxa teknikoa, mapa eta, esan bezala, egileek egindako argazki zoragarriak dakartza. Mendilerroz mendilerro ibili dira herrian barrena: Ordunteko mendiak, Gorobel, Toloño, Kodes, Anboto, Adarra, Behorlegituturru, Saioa, Kartxela…

Txango zerrendako izen asko oso ezagunak dira mendizaleen artean. Beste batzuk, ostera, gutxitan aipatzen dira: Okabro-Saroberri, Sesiarte-Agirao, Gahalarbe… Jakina, klasikoak ere badaude (Aizkorri, Aiako Harria, Iparla….), liburu itzela osatu arte.

This slideshow requires JavaScript.