“Rutas para observar animales”, naturara itzultzeko gonbita

EH36_ANIMALES Observacion(cubierta).indd

Euskal Herria bildumak argitalpen paregabeaz esango dio agur 2019. urteari. “Rutas para observar animales” liburuak gure geografian barrena ibiltzeko 30 txango proposatzen ditu, animaliak bizi diren lekuak ezagutzeko eta, zortea lagun, beraiek ikusteko itxaropenaz. Egileak Juan Carlos Muñoz biologo eta argazkilaria eta Mar Ramirez natura-gidaria dira.

Ibilbideak Euskal Herri osoan zehar barreiatzen dira, ekosistema sorta joria osatu arte. Hasi Bizkaiko Golkoko uretan eta segi Pirinioetako goi gailurretaraino edo Bardeetako basamorturaino. Horietan gordetzen baitira, besteak beste, gure kostaldera hurreratzen diren zetazeo handiak, marruka aritzen diren oreinak, basoetan gordetzen diren tximeletak edo bortuetatik igarotzen diren milaka hegaztiak.

Lakuak, oihanak, mortuak, subalpetar paisaiak, zingirak, labarrak eta ibaiak dira bisitatzeko gonbita luzatzen diguten ekosistemetako batzuk, beti ere tentuz, isil-isilik, begirunez eta kalterik eragin barik ibiltzeko konpromisoarekin. Horrela jokatu ezkero, beharbada, gure natur eremuetako espezie batzuekin egingo dugu topo.

Testuak Mar Ramírez natura-gidari adituari zor zaizkio. Argazkiak, berriz, Juan Carlos Muñoz sarritan sarituari. Hala testuek nola irudiek fauna basatiaz gozatzeko atea irekiko digute eta, horrekin batera, gure natura ahal denik eta ondoen gordetzea beharrizan larria dela ohartuko gara.

This slideshow requires JavaScript.

Euskal Herriko hegaztiek euskaraz dakite

EH_Hegaztiak_azala.jpg

Hona hemen Euskal Herriko hegaztien gida, gure lurraldeetako hegaztiei buruz argitaratu den libururik osatuena eta erabilgarriena. Katalogo bikain honetan 220 espezie aurkituko dituzu, alegia, gurean habia egin, negua eman edo migrazioan doazela atsedena hartzen duten hegaztirik esanguratsuenak.
Gidaliburuak espezie bakoitzaren deskribapena dakar, baina baita hegan egiteko modua, kantua, bizilekuak eta ohiturak ere. Testuan eta mapan gehien ibiltzen diren lekuak ere ageri dira. Horrekin batera, zein egoeran dauden ere badakar: desagertzeko arriskuan dauden, babesik ba ote duten, bereziak diren…
Identifikazioa errazte aldera, atal grafikoa erantsi zaio espezie bakoitzari. Bertan Calros Silvar adituaren marrazki bikainek animalien egoera eta jarrera desberdinak islatzen dituzte. Testuak, ostera, Xoxe M. Penas eta Carlos Pedreira ornitologoek idatzi dituzte. Euskal Herriko datuak Sua Edizioak-eko erredakzioak osatu ditu.

 

This slideshow requires JavaScript.

 

Bada sasoia! Euskal Herriko zuhaitzen gida, euskaraz

EH_Zuhaitzak_azala

Bada sasoia! Udazkenarekin batera dator Euskal Herriko zuhaitzen gida. Zuhaitz askok jantzirik ederrenak erakusten dituzten aroan heldu zaigu espezie ezaugarrienen gidaliburu eder hau.

Euskal Herriko zuhaitzen gidaliburuak gurean hazten diren espezieak batu ditu, hala autoktonotzat jotzen ditugunak nola, kanpotik etorrita bertakotu egin direnak. Katalogo honetan ehun espezie aurkituko dituzue, zuhaitz eta zuhaixka, eta horiekin gure oihan, mendi, ibar, itsasertz eta ibaiertzetako arbolak ezagutu ahal izango dituzu.

Espezie bakoitzari dagokion informazio zehatza dago gidaliburuan: izen zientifikoa eta izen arruntak hala euskaraz nola gaztelaniaz, etimologia, espezie bakoitzeko atalen deskribapen botaniko zehatza identifikazioa errazteko, bizileku motak eta Euskal Herrian daukan hedadura, jarduera ekonomikoetarako eta medikuntzarako eduki dituen erabilerak ahaztu barik. Hiztegi botaniko txikia eta medikuntzari buruzko ohar sorta bat ere badakar.

Ilustrazio ederrak Calros Silvar marrazkigileari zor zaizkio. Testu orokorrak, aldiz, Henrique Niño Ricoik idatzi ditu. Euskal Herriari dagozkion datuak Sua Edizioetako erredakzioak osatu ditu.

This slideshow requires JavaScript.