“Mendia da askatasuna”, Thomas Huber eskalatzaile handiaren lekukotza

Thomas Huber mendizalearen bizitza lerro batekin irudika genezake, labar tentetik gora amildegiari erronka eginez abiatzen den lerro sinestezina. Gazte-gaztetatik eskalatzaile, munduko hormarik bertikalenak igo ditu, porrotak eta garaipenak kateatuz biografia harrigarria osatu arte. Bizipen guzti horiek kontatu ditu, zintzo demonio, Mendia da askatasuna. Bizitza bat muga-mugan liburuan.

Thomas Huber (1966) eskalatzaile eta alpinista amildegiaren ertz-ertzean bizi izan da hamarkadetan. Arrakasta itzelak lortu ditu lehenengo igoerak burutzen eta bide ikusgarriak irekitzen; porrotak ere, ez gutxi, eta aurrera egin izan du istripu larriak eta gaixotasuna bidean azaldu zaizkionean. Beti muga-mugan ibili izan da. Erorikoak akuilu bihurtu dituenez, lur jo duen bakoitzean altxatu egin da. Liburu honetan bere umezaroaz dihardu, Alpeen itzalpean, bere lehenengo ibileren oldarraz, mendiarekiko grinaz, anaitasunaz, ausardiaz eta zalantzaz. Gure garaiko alpinista famatuenetako baten bizipenak dira, askatasunari gorazarre hutsa.

Liburua Iñigo Lizarribarrek itzuli du eta Thomas Huberren bizitzaren lekukotasuna dakarten argazki sorta ederraz jantzita dator. Hemen azpian lagina utzi dugu, nahi baduzue kuku bat egin eskalatzaile handi honen bizitzan.

“Lau elementuen erronka”, Pou anaiak beren gorenean

Gutxitan bezala, liburu honen azalak ezin hobeto islatzen du bere barrualdeko mamia. Hormatzar ezinezkotik gora doaz anaiak, bihotz eta arima ekinean, amildegian dingilizka, helburu helezinaren bila. Horrelakoa da Lau elementuen erronka, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileen azken urteotako jarduna bildu duen liburua, goi-mendia eta abentura sinesgaitzak barra-barra, gasteiztar eskalatzaileon bizitzetako ezinbesteko osagaiak dira eta.

Aupa Pou! arrakastatsuan ireki zuten bidetik jarraitu dute bigarren liburu honetan. Ura, sua, airea eta lurra dira lau elementuak eta Pou anaiek eurei lotutako erronkei ekin diete azken urteotan munduko bazter urrunetan: Himalaia, Santo Tomé, Andeetako mendietan… Eskalada gaitzak, ez sinesteko modukoak, natura basati eta, sarritan, kupidagabe baten erdian.

Liburuan ibilera harrigarri horien kontakizuna jaso dute, argazki zoragarrien laguntzaz. Bideoetarako estekak ere tartekatu dituzte, egindakoaren neurria modu are konpletoagoan har dezagun. Emaitza bikaina da, goi-mendiko bizimodua bere horretan islatuta 280 orrialdetan barrena. Eta hori guztia gutxi balitz, eskalada munduko beste anaia ospetsu batzuek, Thomas eta Alexander Huberrek alegia, idatzi dute hitzaurrea.

Nahi baduzue lehenengo begiratua eman, hemen daukazue:

“Izarrak eta haitzak”, eskalatzaileen istorio handi eta txikiak

Liburu Egunarekin batera heldu da liburu-dendetara Karlos Aretxabaletaren Izarrak eta haitzak izeneko harribitxi hau. Egileak hogei bat eskalatzaileren bizipenak ekarri dizkigu, maisuki kontatuta. Batzuk ospestsuak dira, mundu osoan ezagunak. Besteak, ostera, ibilbide isilagoa egin dute. Baina denek dute zer kontatua.

Izar eta haitzen arteko bidaia zoragarri honetan oroitzapenak gidari hartuko ditugu Euskal Herriko zein atzerriko mendietan barrena, eskalatzaile andana honen ibileren berri jakiteko. Batzuetan anekdota xume baina esanguratsua izango da; beste batzuetan, garai bateko giroaren lekukotza, edo ibilitako bidearen bizipen erakusgarria. Hasi eta buka gustu handiz irakurtzeko moduko liburua.

Karlos Aretxabaleta, Txapel, eskalatzailea eta idazlea da. Poesia eta narratiba liburu andana argitaratuta dago, besteak beste Hitz Margotuak (EME, 2016) edo Sex-sua (Elkar, 2021). Liburuaren salmenten bidez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio egileak. Liburuko sarrera Juanra Madariagak idatzi du; hitzostea, berriz, Ioritz Gonzalez Lertxundirena da. Azaleko ilustrazioa, azkenik, Eli Azurmendik egin du.