Gipuzkoan umeekin egiteko ibilbide sorta bikaina

Liburu honetan hogeita sei ibilbide aurkituko ditugu. Baina txango sorta eder horrek ezaugarri berezi bat dauka: umeekin egiteko pentsatuta daude. Gipuzkoako eskualde guztietan barrena, edertasun natural handiko edo ondare historiko nabarmeneko lekuetara eramango gaituzte. Beti, haurren gaitasunetara egokitutako desnibelekin eta distantziekin.

Horrela, ibilbide berak bi aldaera eskaintzen ditu: bata laburra, txikienekin gozatzeko, eta bestea luzeagoa, indarrak eta adina lagun dituenak erakartzeko. Ibilbide bakoitzari buruzko informazio gehigarria eskaintzen du liburuak, baita bideoak eta ibilbide bakoitzaren mapa deskargatzeko QR kodeak ere.

Kostaldeko labar eta hondartzetatik Aizkorri eta Aralar aldeko mendietara, eta Udalatxeko magaletatik Jaitzubiako zingiretara, Gipuzkoa osoa ezagutzeko eta bere natura- eta ondare-altxorrak bertatik bertara ikusteko gonbita dakar aldean.

Liburua euskaraz (Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa) eta gaztelaniaz (Rutas en familia por Gipuzkoa) kaleratu da.

Egilea, Iñaki Alcalde, eskarmentu handiko mendizalea da eta, gainera, mendi liburuak eta artikuluak idazten trebatuta dago. Besteak beste, Guía de montes de Gipuzkoa gidaliburu arrakastatsua ondu zuen, Txusma Perez Azacetarekin batera. Dagoeneko, seigarren edizio argitaratu dira.

Durangoko Azoka

Durangoko azoka egingo dugu abenduaren 6tik 10era. Topagune ederra da euskal kulturarekin, baita irakurleekin aurrez aurre egoteko aukera polita ere. Benetan plazerra izango da gure saltokian zurekin hitz egin eta tarte gozagarria partekatzea.

SUA Edizioak argitaletxeak aurton kaleratutako nobedadeak eskuragarri izango dira bertan, hala nola, Euskal Herria eta El mundo de los Pirineos bildumetako urteko aleak, beren-beregi berrienak, hau da, La gran ruta de los faros de la costa vasca, ibilbide ikusgarria euskal kostaldetik, eta Baztan-Xareta-Baigorri, mendiko txango eta igoera sorta polita lurralde berde eta liluragarrian barrena.

Euskal Herria furgonetaz ezagutzeko ibilbiderik onenak. Zazpi herrialdeetako lekurik ederrenetara eramango gaitu, 25 plan kitzikagarri egiteko gonbitarekin.

Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa. Familian egiteko hogeita sei txango, haurren gaitasunetara egokitutako desnibel eta distantziekin.

ADI natura bildumetako hiru liburu (Narrasean, Basoko sekretuak eta Nork hil du Trikua), gaztetxoei natura, fauna eta flora deskubritzen laguntzeko.

Zain dezagun mendia, Reinhold Messnerren deia. Mendizale ezagunaren mezuak zer pentsatua ematen du. Juanjo San Sebastian mendizaleak eta Ramon Olasagasti kazetariak idatzi dituzte, hurrenez hurren, sarrera-testua eta epilogoa.

Manaslu neguan. Alex Txikonen liburu berriak Manasluko hiru espedizioen kontakizuna dakar eta gailurrera igotzeko bide gaitzaren berri emango digu.

Eta urtero bezala, El Mundo de los Pirineos eta Euskal Herria Liburuak bildumako egutegiak ere salgai egongo dira.

Durangoko Azoka zain daukagu. Laster arte!

Liburu-dendetan da Alex Txikonen “Manaslu neguan” liburu berria

Heldu egin da. Alex Txikonen Manaslu neguan liburu berria gure artean da, liburu-denda guztietan. Bertan aurkituko dugu Manasluko igoera Lemoako mendizaleak berak kontatuta. Aurtengo urtarrilaren 6an iritsi zen tontorrera, igoera eta jaitsiera latzak eginda. Balentria hori, izatez, hiru urteko ahalegina izan da, lehenengo espedizio biak sari barik gelditu zirelako. Baina horiek ere badira tontorrerako bideko atalak, Alexek berak gogora ekartzen duen bezala, tontorra bidea bera delako.

Kontakizun zintzoa osatu du Txikonek. Sentitu bezala jaso ditu gertakizunak, bizipenetatik abiatuta, okerrak eta sufrimendua ezkutatu gabe. Berarekin batera ibiliko gara mendi mazela izoztuetan gora eta behera, serac beldurgarrien artean, hotz gorriaren mende eta haizeteak erruki barik astinduta. Chhepal, Lama, Mayla, Simone eta beste lagun asko izango ditugu alboan. Eta harritu ere egingo gara, Manaslurako bidea Sierra Leonatik ere igaro daitekeelako eta hara-hona gabiltzala Pasang Temba aspaldiko lagunarekin elkartuko garelako.

Liburu mardula da, hala edukiz nola orrialdez (224 orrialde), argazkitzarrez egoki horniturik. Hogei ataletan xehatzen du, urratsez urrats, tontorrerainoko bidea.