Aizkorri-Aratz mendiguneko mapa berria

PORTADA MP Aizkorri.indd

Euskal Herriko mendizaleek sarritan jotzen dute Aizkorri-Aratzeko natur parkeko eremura, bertan baitaude izen eta izan handiko natur paraje zoragarriak. Eremu hori 1:25.000 eskalan kartografiatu berri du Miguel Angulok eta Sua Edizioak-ek argitaratu: Mapa Pirenaico atalean kaleratu da, ‘Sierra de Aizkorri-Aratz’ izenarekin.

Mapa berriak azken urteotan inguru horretan egin diren aldaketa guztiak erantsi ditu, baita eremu zabal horretako ibilbide seinaleztatu guztiak islatu ere (GR, PR, lekuan lekuko bideak eta Donejakue bidea). Osagarri gisa, mapari atxikitako liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak hemeretzi txango eta igoera proposatu ditu, Aizkorri eta Aratz aldeko lekurik ezaugarrienak ezagutzeko. Ibilbide horietako trackak laster izango dira Sua Edizioak argitaletxeko web gunean eskuragarri.

Horrela, mendizaleak esku-eskura edukiko ditu Urkilla, Elgea, Aloña, Aizkorri eta Altzania aldeko mendietako lekurik ederrenak. Degurixako sarobeetatik Aitxuriako tontorreraino (1.551 m) eta Altzaniako pagadi sarrietatik Ozetako troka meharretara. Jakina, toki klasiko guztiak ahaztu gabe: Arantzazu, Urbiako landa, Araotz, Aizkorri, Lezea, Aratz eta beste asko.

Aralarko mapa berria, oraingoan 1:25.000 eskalan

PORTADA MP ARALAR.inddSua Edizioak argitaletxeak Aralar mendilerroko mapa berria argitaratu du, oraingo honetan 1:25.000 eskalan. Lan kartografiko zehatza egin du Miguel Angulok, aurreko bere mapa guztiak berriz jorratu eta eguneratu ostean. Zeregin horretan azken orduko aurrerapen teknologikoaz baliatu da.

Argitalpen berri honetan Aralarko mendigunea bere osoan bildu da, hala Gipuzkoari dagokion alderdia nola Nafarrokoa, alegia, Ataunen hasi eta Ihabarreraino eta Ordizitik Lekunberriraino. Inguru horretan dauden ibilbide seinaleztatu guztiak ere islatu ditu, izan GR, PR edo lekuan lekuko ibilbide laburrak. Euskal Herriaren mendizaletasunaren bihotza guztion eskura dago, modu errazean eta aitzakiarik gabe.

Maparekin batera 58 orrialdeko liburuxka editatu da, mapa sorta berri honetako ohiturari jarraituz. Bertan, Gorka Lopez mendizale adituak, ibilbide seinaleztatuei begirada xumea eskaini ostean, hogei txango eta igoera proposatzen dizkie irakurleei, Aralarko lekurik ederrenetan eta ezaugarrienetan barrena. Proposamen horiek ere mapan islatuta daude eta, horrez gain, ibilbideei dagozkien trackak laster izango dira Sua Edizioaken web gunean eskuragai.

Ekialdeko Pirinioetako lakuak, urak zeruetatik dingilizka

portadaLAGOS.inddMendira igotzeak ahalegina eskatzen du beti, baina hamaika ordain gozo ematen du trukean: bidea, lagun artea eta, gehienetan, esker oneko gailurra. Askotan ikuspegiak izaten dira tontorrak gorde duen saria, baina batzuetan sorgindutako parajeak aurkituko ditugu. Esate baterako, ur ilunetako lakuak haitz harroen artean barreiaturik, zipriztinak balira bezala, inguruan, zelatari, izei bakanak dituztela.

Horietakoak anitz daude Kataluniako Pirinioetan. Goi mendi eremu batzuetan harrigarria da aintzira kopurua. Sua Edizioak argitaletxeak ‘Las mejores ascensiones a los lagos más bellos del Pirineo Oriental’ kaleratu berri du. Yvette Delgado Pererak idatzi du. Hogeita bat ibilbide marraztu ditu goi mendietako 70 laku sorgindu mirestera joateko.

Aukera polita da Katalunia bisitatzeko eta bertako mendi lakurik ederrenak bertatik bertara ikusteko. Horietako batzuek andanaka hartzen dituzte bisitariak, hain dira ezagunak. Beste batzuk, ostera, bakartiak dira, baina lehenengoak bezain liluragarriak.