“Aupa Pou”, Pou anaien eskalada abenturak

Liburu-dendetan da, dagoeneko, Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta liburua. Iker eta Eneko Pou anaiek azken hogei urteotako ibilerak kontatu dituzte, lehenengo aldiz liburu batean. Eta Poutarrek eurek aitortzen duten bezala, hara eta hona ibili dira horma bila bizitza bera abentura etengabea bilakatu arte. Abentura horretan mundu zabalean ibili dira eta pertsona paregabe asko ezagutzeko aukera eduki dute.

Bizitza eta abentura horiek dira liburu honetako mamia. Eta, jakina, liburuak jaso du euren bizitzek nolako aldaketa egin zuten 2000. urtean, haien zaletasunik handiena, mendia, bizimodu ere izango zutela erabaki zutenean. Harrezkero eskalada munduan jorratu duten ibilbide harrigarria edonor txundituta uzteko modukoa da.

Argazki ezin ederragoz jantzita datorren liburua da, gasteiztar anaia bi hauen lanaren neurria egoki ematen dutenak. Eta Eneko Pouk ondu duen testuak Patagoniatik Etxaurira, Tasmaniatik Asturiasera eta Himalayatik Alaskara eramango gaitu. Abentura hutsa.

Lerroon azpian esteka bat utzi dugu, liburuaren sarrera eta atal bat irakurgai jatzeko. Lotu Poutarren sokara!

Liburu Egunerako proposamenak

Liburu Eguna da gaur eta, beti bezala, aukerak ugariak dira. Sua Edizioak ere prest da gomendio txiki batzuk egiteko, aisialdia, mendia, kultura eta natura liburuen bidez ezagutzeko tentazioan eror gaitezen.

Mendi literatura maite duzuenentzat, gomendioa erraza da. Egunotan heldu da liburu-dendetara Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta, Eneko Pouk idatzita gasteiztar anaia eskalatzaile bien kirol ibilbide abenturazalea jasotzeko. Arlo horretatik irten gabe, Alex Txikonen Mendi biluzia kitzikagarriak ez du inor epel utziko.

Euskal Herria bilduman zer esan handia eman duen Las mejores rutas en BTT liburua nabarmendu daiteke. Iván Ruiz Rotaeche mendizale eta txirrindulari adituak idatzi du.

Mendi giden artean, azken urte biotan berriztatu direnak oso gomendagarrik dira. Hala Guía de los montes de Navarra erraldoia (Juan Mari Feliu, 2019), nola Gipuzkoakoa (Iñaki Alcalde/Txusma Perez Azaceta, 2020) eta Arabakoa (Josean Gil-Garcia, 2021). Mendi igoera ikaragarri ederrak egingo ditugu Euskal Herrian bertan.

Askoz gehiago dago Suaren katalogoan. Komikiak (Iñurrategi anaiena, berriena), bildumak (El Mundo de los Pirineos, Galicia, Aragón…), mapak (Urdaibai, Valderejo…) eta beste asko. Liburu-dendetan daude, noiz agertuko garen begira. Ondo ibili Liburu Egunean!

“Montes de Araba”, klasikoa sasoi betean itzuli da

Bosgarren edizioa dago egunotan salgai liburu-dendetan eta ia hogeita hamar urte igaro dira lehenengoz argitaratu zenetik. Baina gazte, lerden eta sasoitsu itzuli da klasikoa. “Guía de montes de Araba” liburuak hilabete darama salduenen zerrendan eta harrera ezin beroagoa egin diote euskal mendizaleek.

Bosgarren edizio hau goitik behera berrituta dago eta 320 igoera dakartza. Orotara, 126 mendi tontor bisitatu ditu egileak, Josean Gil-Garcia mendizale adituak alegia. Eskualdeka antolatuta datoz, gailur bakoitza bere deskribapen, jakingarri, mapa eta argazkiekin.

Bada, liburu-dendetan harrera ezin hobea egin diote mendizaleek, azken asteetan salduenen zerrendan sartu arte. Elkar taldeko liburu-dendetan, adibidez, aurreko astean bigarren salduena izan zen erdarazko ez-fizkio atalean eta asteon laugarren dago.

Eta hedabideek ere oihartzun zabala eman diote klasikoari. Hemen uzten dizkizuegu, adibide gisa, naiz.eusen Andoni Arabaolazak agertutako aipamena (euskaraz) eta Radio Euskaldin Roge Blascok Josean Gil-Garciari egindako elkarrizketa (erdaraz, 22:25 minututik aurrera).

Hortaz, argi dago. Klasikoa sasoitsu itzuli da eta deika daukagu. Jantzi botak eta… mendira!