“Castillos y palacios”, gaztelu eta jauregien ondare harrigarria

Gutako zenbatek daki lerro hauen gainean ageri den gaztelu ederraren berri? Eta nor egon da bertan? Euskal Herria bildumako liburu berriak gaztelu eta jauregi sorta xarmagarri eta harrigarria jarri digu begien aurrean. Izan ere, ondare horretako zati handi bat, zergatik ez dakigula, oraindik ere erabat ezezaguna da euskal herritar askorentzat.

Berrehun orrialdeetan, Castillos y palacios. Planes por sus alrededores liburuak gotorleku horien bilakaera jaso du, hasi Erdi Aroko errege eta jaunen gazteluetatik eta XX. mendearen hasierako forteekin amaitu. Egileak, Javi Pascualek, gaztelu bakoitzaren ibilbide historikoa marraztu, gaur egungo bisitaren kronika egin eta inguruetan mendi, natura edo kultura arloko txango edo planak proposatu ditu.

Orotara mila urtean eraikitako hogeita hiru gaztelu bisitatu ditu, zazpi herrialdeetan barrena. Liburuak Erdi Aroko gazteluak dakartza (Maule, Baiona, Cortes edo Donostia), Aro Modernoko zitadelak (Donibane Garazi, Iruñea), XIX. mendeko gotorleku historizistak (Butroe, Abadia) eta XX. mende hasieran amaitu zuten Oiartzungo trintxera eremuko forte sorta. Alegia milagarren urtearen bueltan abiatu eta 1900 urte ingururaino helduko gara gaztelurik gaztelu ibiliz. Gainera, eranskin bat ere badakar eskutada bat gaztelu gehiagorekin eta Artaxoako Zerkoaren aipamen bereziarekin.

Hau Javi Pascual Otaloraren bosgarren liburua da, denak Euskal Herria bildumanaren baitan. Hona hemen aurrekoaka: La gran ruta de los faros (2023), Excursiones por riberas de ríos (2021), Pueblos de Araba con encanto (2020) y Pueblos de Bizkaia con encanto (2019).

“Rutas circulares por espacios protegidos”, gure natura eremuetako ibilbiderik onenak

Euskal Herriko naturaren zokondorik ederrenak lege-babesaz hornitutako barrutietan txertatuta daude. Horrela izaten da gehienetan, behinik behin. Horregatik, Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriaren Rutas circulares por espacios protegidos liburuak gure herriko bazterrik zoragarrienetan barrena egiteko ibilbide ezin kitzikagarriagoak dakartza.

Liburuko orrialdeetan euskal mendigune nagusiak agertuko zaizkigu, tontor harroenak gure zain dituztela. Oihan trinkoek eta basorik zabalenek ere zirikatuko gaituzte, haien itzalpean gozo-gozo ibiltzera joango ote garen. Eta han dira ibaiak, padurak, ur-jauziak, meatze zaharrak… Euskal Herri osoko altxorrak ezagutzeko gonbit tentagarria egin digu liburuak.

Jakin nahi izanez gero liburuaren edukia zertan den, lerroon azpiko loturan pdfa eskuragarri dago. Hor azaltzen da aurkibidea, liburuko sarrera eta Gorobel mendietako ibilbidea, esaten dugunaren erakusgarri. Ondo ibili!

Zeintzuk dira Euskal Herriko mendirik ederrenak?

Roge Blasco kazetari ezagunak Txusma Perez Azacetari egin dio elkarrizketa Ascensiones a las montañas más bellas liburu berria hizpide hartuta. Goiko bideoan ikus dezakegu. Solasaldirako aukeratu duten parajea ezin egokiagoa da, tontor ederrak dituela ezker-eskuin: Mugarra, Alluitz, Untzillatx, Anboto… Horiek Txusma Perez Azacetaren zerrendan ageri dira. Eta zurean?

Segurutik, nork bere zerrenda egingo luke. Gailur batzuk aukeraketa gehientsuenetan agertuko dira; beste batzuk, berriz, banaka batzuenetan baino ez. Azken finean, kontua ez da liburukoak ote diren Euskal Herriko mendirik ederrenak ebaztea, Txusmak aukeratu dituen guztiak mendi eder-ederrak direla baizik. Eta diogunaren erakusgarri, lerroon azpian liburuko aurkibidea paratu dugu, mendi zerrenda osoarekin. Tartean ote dira zure kutunak?