Burgosko mendirik ederrenak, liburu batean bilduta

GM BURGOSinternet

Sua Edizioak argitaletxeak Burgos, las montañas más bellas gidaliburua plazaratu berri du. Bertan bereziki eder eta liluragarri diren 26 mendi batu ditu, denak Burgosen. Hasi Losa haranean eta Arlanza ibaiko ibarreraino, Ebro Garaia, Lora bailara edo Obarenes mendietan barrena eramango gaitu.

Horrela, zerrenda aukeratu horrek herrialdeko mendiguneetako tontorrik garaienetaraino igoko gaitu. Horrez gain, bidean ur-jauzi ikusgarriak, herrixkak, haitzarteak, leizeak, gazteluak eta baseliza erromanikoak azalduko zaizkigu ezker-eskuin. Izan ere, gidaliburu horretan, txangoen deskribapen zehatzez gain, ohiko mapa eta argazkiez aparte, esku-eskura edukiko dugun ondare naturala eta kulturalaren gaineko jakingarriak aurkituko ditugu.

Egileak, Txomin Uriarte mendizale adituak alegia, segida eman dio gidaliburu honekin 2001ean argitaratu eta egun agortuta zegoen “Montes de Burgos, todas las cumbres” liburuari. Ahalegin itzela egin du gidaliburua bikaina izan dadin. Irakurleak, seguru gaude, igarri egingo du.

Catalunya bilduma kaleratu du Suak

CT BOSCOSinternet

Liburu bilduma berria kaleratu berri du Suak: Catalunya. Izenak berak ezagutzera ematen duenez, Kataluniako mendia, aisialdia, natura eta kultura jorratuko ditu. Aurton, 2016an alegia, hiru liburu plazaratuko dira bilduma horren baitan.

Lehenengo biak liburudendetan daude dagoeneko. Alde batetik, Guía de vies verdes i camins naturals, bide berdeen eta natur bideen gidaliburua, Sergi Ramisek idatzi du. Gidaliburu horretan Kataluniako 39 bide berde jaso eta azaldu ditu.

Bigarrenak, ostera, oihanak jorratu ditu: Rutes pels boscos més bells. Egileak, César Barbak alegia, Kataluniako 45 baso eder aukeratu ditu. Ibilbide zoragarriak marraztu ditu gaztainadi, artadi, pagadi, izeidi, pinudi eta haltzadi abartsuen abaroan.

Bildumak segida edukiko du datozen hilabeteetan. Izan ere, urtea amaitu orduko “Pobles amb encant i excursions pels voltants” argitaratuko da. Sergi Ramisen eskutik Kataluniako herririk ederrenak ezagutuko ditu irakurleak.

CT BOSCOS LIBRO ABIERTOok

“Nutrición, seguridad y salud en la montaña”, mendizalearen laguna

15 SEGURIDAD SALUDsarean

Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak Nutrición, seguridad y salud en la montaña dakar izenburu (Elikadura, segurtasuna eta osasuna mendian). Gidaliburu bikaina da, bere baitan biltzen dituelako naturan egiten ditugun jarduerak osasungarriak eta seguruak direla bermatzeko jakingarri guztiak. Egileek eskarmentu handia daukate arlo honetan: Antxon Burcio mendizale adituak eta Joana García kirol elikaduran adituak idatzi dute.

 Liburua, seguru gaude, laster izango da mendizale guztientzat ezinbesteko argia. Zati bitan banatuta dator. Lehenengoa Antxon Burciok idatzi du eta bertan jorratu ditu mendian gorde beharreko segurtasun neurriak, alegia, janzkera eta ekipo egokia zein den, istripu bat gertatuz gero zelan jokatu… eta hamaika kontu gehiago.

Liburuaren bigarren atalean Joana Garcíak elikadura eta osasun arloko gaiak landu ditu, azken aldiko ekarpen zientifikoen argitara. Elikagaien ezaugarriak aletu, hidratazioa, termoregulazioa, kirol elikagaiak eta gehigarri dietetikoak jorratu eta minik ez hartzeko gomendioak batu ditu.

Azken finean, naturan egiten ditugun jarduerekin gozatu baina minik edo kalterik hartu gabe. Horixe da liburu honek eskaintzen diguna.

Antxon Burcio legazpiarra goi-mendietako gidaria eta mendi-sorospen zein mendi-kiroletan tekniko-irakaslea da. Joana García, ostera, naturopata da, elikadura eta dietetikan goi-mailako teknikoa eta, gainera, mendizale porrokatua.

This slideshow requires JavaScript.