Bardeak, Val d’Aran eta Aragoi ibarreko mapa berriak kaleratu ditu Suak

MP BARDENAS.indd

Mapas Pirenaicos bildumak sona handia lortu du honez gero mendizaleen artean. Oraingoan hiru izenburu berri dakartza, horietako bat Bardeak (Nafarroa) eta gainerako biak Pirinio aldekoak: Val d’Aran (Lleida) eta Valle de Aragón-Canfranc (Huesca).

Bardeetako mapa bikoitza da, eremu osoa bildu ahal izateko. Hortaz, maparen alde batean Bardea Zuria dago eta bestean Bardea Beltza. Bilduma honek ohi duen bezala, 1:25.000 eskala erabili da eta, hortaz, kalitate handiko kartografia izateaz gain, txangozalearentzat oso erabilgarria da. Beti bezala, Miguel Angulo adituak egin ditu mapok.

Hala Bardeetako mapak nola Val d’Aran eta Valle de Aragón-Canfrancekoek ibilbide seinaleztatu guztiak bildu dituzte, izan oinezkoentzat edo bttn dabiltzanentzat. Gainera, kartografian ageri gira Gorka Lopez mendizale adituak diseinatutako hamabost txangoak (paseoak eta igoerak). Ibilbide horiek xehetasunez deskribatu ditu maparekin batera banatutako liburuxkan. Zalantza barik, modu zoragarria eskaintzen dute natur eremu horietan barrena ibiliz gozatzeko eta ezagutzeko. Ez dezagun ahaztu balio handiko parajeak direla. Bardeak, esate baterako, parke natural izendatu zituen Nafarroako Gobernuak eta biosferako erreserba Unescok.

 

“Grandes puertos de los Pirineos”, txirrindularitza zaleentzako harribitxia

PUERTOSonline

Txirrindularitza maite duten guztien poza izango den “Grandes puertos de los Pirineos” salgai dago. Liburuak Pirinioetako 33 mendaterik ezaugarrienak deskribatu eta aztertu ditu, Franziako Tourrean urratu duten legenda gogoan duela.

Harrate bakoitzak atal bi dauzka. Lehenengoan ziklismoarekin lotutako historia jorratu du, kontakizun egiazko bezain kitzikagarriz ongi hornituta. Bigarren atalak, berriz, mendaterako igoera deskribatuko du, zailtasuna, zati bakoitzeko nondik norakoak eta beste jakingarri asko jasoz. Kalitate handiko argazkiak dakartza, fitxa teknikoa, mapa, daturik garrantzitsuenak eta igoerako profil altimetrikoa. Azken horretan desnibelaren portzentajeak islatu ditu eta, gainera, ahalegina, potentzia, denbora eta abiadura kalkulatu ditu.

Liburuko 33 harrateetatik 2 Euskal Herrian daude: Bagargi eta Larraine (Zuberoa). Gainerakoetan, oso nabarmenak dira Tourrean itzal handia lortu dutenak: Marie Blanque, Aubisque, Luz Ardiden, Tourmalet, Superbagnères… Mendate batzuetan igoerak isurialde bitik planteatu ditu egileak. Liburuak 324 orrialde dauzka, denak koloretan eta azal lodia dakar. Aitzinsolasa Miguel Indurainek sinatu du.

Liburuaren egileak, Antonio Toralek (Jumilla, Espainia, 1980), txirrindularitza eta, oro har, kirola maite du. Liburu hau egiteko igoera guztiak egin ditu, behin baino gehiagotan. Gainera, ahalegina eta potentzia neurtzeko sistema bat sortu du.

Hona hemen “Las otras cumbres” liburuko gailur ahaztuen zerrenda

Las otras cumbresazala

Harrera beroa egin diote mendizaleek Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berrienari, Las otras cumbres izenekoari alegia. Eta harrera beroa baieztatzeko nahikoa da ikustea hedabideetan lortu duen oihartzuna eta liburudendetan piztu duen jakin-mina. Elkarrek asteon atera duen liburu salduenen zerrendan hirugarren lekuan ageri da gaztelaniazko ez-fizkioa sailean.

Liburua Txusma Perez Azaceta mendizaleak idatzi du. Orotara 134 mendi tontor bildu ditu, mendizale gehienek urratzen dituzten bideetatik aparte gelditu ohi direnak. Bakartiak izan arren, ez dira ezdeusak: badaukate interesik, hala ondare naturala nola paisaia ikusgarriak, historia joria edo kultur arloko ale estimagarriak.

Esaten dugunaren erakusgarri, “Las otras cumbres” liburuak dakartzan 60 igoeren zerrenda jarri dugu lerroon azpian. Sakatu irudiaren gainean txangoen aurkibidea handitzeko. Xehetasun handiz deskribatuta eta argazki zein mapez egoki hornituta aurkeztu ditu. Euskal Herri osoan barrena ibiltzeko aukera ematen digute, mota guztietako txango, paisaia eta gailurrak ikusteko eta gozatzeko. Ondo ibili!