Euskal Herriaren harpidetza, gure herria ezagutzeko bidea

EHARPIDETU_756x756

2014an sortu zen Euskal Herria liburu bilduma, izen bateko aldizkariaren oinordeko eta jarraipen. Harrez gero, 39 liburu argitaratu ditu, denak kultura, mendia, aisia eta natura uztartzeko ahaleginean. Mendi igoerak, ibai bazterrak, harresi zaharrak, kostaldeko harribitxiak, gastronomiaren sekretuak, aparteko zuhaitzak, animaliak ikusteko ibilbideak, herri dotoreak, haitzarte estuak, behialako galtzadak, lautadak eta Pirinioetako tontorrak, parke naturalak, gotorlekuak eta megalitoak… Zerrenda luze bezain kitzikagarria osatu du. Eta jarraituko du osatzen.

Euskal Herriaren gaineko zazpi kontu eta jakingarri argitaratu ditu bildumak honez gero. Badago, egon, modu erraz eta merke bat horietatik ezer ez galtzeko: harpidetza egitea. Urtean 59,90 € (Estatu espainarretik kanpo: 68 €) ordainduta, sei liburu jasoko dituzu etxean. Eta gainera, %25ko deskontua edukiko duzu Sua Edizioak-en liburuetan. Esaera arabiar batek omen dio, ezin maita daitekeela ezagutzen ez den hori. Segi dezagun, bada, Euskal Herria ezagutzen.

 

 

“53 rutas por senderos PR de Bizkaia”, herrialdeko altxor naturalak ezagutzeko gida

PRs BIZKAIA(azala)

Bizkaiko PR (ibilbide laburrak) ibilbide homologatu guztien gidaliburua da “52 rutas por senderos PR de Bizkaia”. Orotara, goiz pasa edo egun osoan egiteko moduko 53 txango dira. Bizkaiko ondare naturala eta paisaiaren aniztasuna ezagutzeko gonbit paregabea da. Izan ere, herrialdeko barruti natural ezaugarrietara eramaten bagaitu ere (Urdaibaiko biosfera erreserba eta Gorbeia, Urkiola eta Armañongo parke naturalak alegia), bestelako eremuetan ere murgiltzen da, ez hain ezagunak baina, seguru, ezagunenak bezain ederrak.

Liburuko 230 orrialdeetan eskualdeka antolatutako 53 ibilbide daude. Txango bakoitzaren deskribapen zehatzari argazkiak, jakingarriak eta mapa bana erantsi zaizkio. Egilea Ricardo Hernani mendizale aditua da, Bizkaiko Mendi Federazioko lehendakariordea. Mendizaleentzako ehundik gora artikulu idatzita dago. Sua Edizioak-ekin liburu bi argitaratu ditu, orain aurkezten dugunaz gain: “Las montañas más bellas de Cantabria” (2018) eta “Valdegovía-Gaubea, 46 pequeños, medianos y largos recorridos” (2011).

Liburu honetako ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gustu guztiak ase uzteko moduko ibilbide sorta dakar: itsas ondoko lapatzak, zingirak eta talaiak, bertoko basoak, ibaiak eta ur-jauziak, ermitak eta baserriak, zubi eta galtzada zaharrak eta, jakina, tontor lerdenak. Askotan, paraje bakartiak izango dira; beti, ederrak.

Lerroon azpian, estekan, liburuaren aukeraketa txiki bat utzi dizuegu. Eta beherago, Ricardo Hernanik berak egindako aurkezpen laburra. Ondo ibili!

PagsPRs

Gipuzkoako mendien gida zaharberrituta dator

GM_GIPUZKOA_SUA

Liburu-dendetara iritsi da “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioa. Azken hogei urteotan Gipuzkoako mendizaleen artean itzal handia lortu duen klasiko bihurtu da. Iñaki Alcalde Olivaresek eta Txusma Perez Azacetak idatzita, 2000. urtean agertu zen lehenengoz. Oraingoan, Txusma Perez Azacetak igoera guztiak berriro egin ditu, ibilbideak ikuskatzeko eta eguneratzeko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Mendiak bailaraka sailkatuta dakartza liburuak, planak uztartu nahi izanez gero errazago izan dadin. Gainera, mendi bakoitza bere ibilbidearen mapaz eta argazki batez hornituta ageri da.

Lerron azpian dagoen estekan, igoera horietako gutxi batzuk eta liburuaren aurkibide osoa (igoera guztien zerrenda) utzi dugu. Liburu ezinbestekoa da, dudarik gabe, Gipuzkoako mendiak ezagutu nahi dituenarentzat.

GM_GIPUZKOA_sareak