“SOS Himalaya”, elkartasun narrazioak munduko tontorrera

Portadas Himalaya(3ed).indd

Liburu berezia dakargu oraingo honetan.  “SOS Himalaya” (Sua Edizioak, 2018) mendi narrazio sorta elkartasunerako jaio zen. Horrela, liburuaren etekinak (hala egileen eskubideak nola argitaletxearen etekinak) Makalu ibarrean ospitalea finantzatzera bideratu dira. Proiektua Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaya fundazioaren esku garatzen ari da.

Liburuaren hitzaurreak Sherpa Pasang, Migma Dorjee Sherpa eta Juan Manuel Sotillosi zor zaizkie. Ondoren, 30 kontakizun, Himalayako argazki itzelekin tartekaturik. Ondoko hauek dira testuen egileak: Koldo Aldaz, Sebastián Alvaro, Josep Manuel Anglada, Xavi Arias, Gregorio Ariz, Maria Climent, Josu Bereziartua, Oscar Cadiach, Jordi Corominas, Kike de Pablo, Oscar Gogorza, Alberto Iñurrategi, Kilian Jornet, Chus Lago, Ferrán Latorre, Juanra Madariaga, Nives Meroi, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Carlos Pauner, Jordi Pons, Ramón Portilla, Eneko eta Iker Pou anaiak, Juanjo San Sebastián, Araceli Segarra, Carlos Suarez, Jordi Tosas, Alex Txikon, Felipe Uriarte, Silvia Vidal, Julio Villar eta Mikel Zabalza.

Lerro hauen azpiko estekan erakusgarri txiki bat paratu dugu: hitzaurrea, aurkibidea eta Maria Climenten narrazioa). Irakurketa plazerra eta elkartasuna izan daiteke batera.

HIMALAYAsareak

“Rutas y restaurantes con encanto de Navarra”, plan bikainen liburua

cubiertaRUTASyRESTAUR.indd

Uda ate joka dator eta harekin batera “normaltasun berria” esaten dioten hori. Hasi gara, atzera ere, naturan ibiltzeko planak egiten, senide eta lagunekin elkartzen, ostatuetara itzultzen. Kontu handiz beti, arriskuak saihestuz. Baina bagabiltza berriro ere aisialdiaz gozatzen. Kinka honetan liburu eder batek are balio handiagoa hartu du. Izan ere, “Rutas y restaurantes con encanto de Navarra” (Sua Edizioak 2018) liburuak hamaika proposamen eta plan eder eskaintzen dizkigu.

Liburuak Nafarroako 38 jatetxe aukeratu ditu, denak kalitate berme handienekoak. Gainera, guztiak dira ezaugarri bereziren baten jabe: bertako espezialitateak direla, edo betiko sukaldeari eusten diotelako, edo berritzaileak direlako, giro bikainagatik…. Bakoitzarekin batera liburuak mendi txangoa proposatzen du inguruetatik, egun osoko plan bikaina egin ahal izateko.

Josema Azpeitia gastronomoak eta Ritxar Tolosa argazkilariak hartu dute jatetxeen ardura. Mendi ibilbideak, berriz, Txusma Perez Azaceta mendizale adituari zor zaizkio. Lerron azpiko estekan, liburuaren pintxo bat utzi dugu, dastaketa txiki bat egin ahal izateko. On egin eta ondo ibili!

RUTASyRESTAURANTESpintxoa

“Cádiz. Pueblos con encanto y las mejores rutas de senderismo”, liburu eta altxor

CADIZ_CUBIERTA_mtdo

Harribitxi hutsa. Horixe da liburu hau, eta ez dira berba merkeak. “Cádiz. Pueblos con encanto y las mejores rutas de senderismo” (Sua Edizioak, 2018) liburuak Cadizko hemeretzi herri eta hogeita hamaika txango bildu ditu. Herri liluragarriak, nortasun handikoak, eder hutsak. Itsasbazterrekoak, landa girokoak, menditarrenak. Cadizek denetarik dauka eta.

David Munillaren testu eta argazki bikainez osatu da liburua. Herriak ez ezik, herrialdean barrena egiteko moduko hogeita hamaika ibilbide kitzikagarri deskribatzen ditu. Bertara hurbiltzen denak baieztatuko du. Esaten dugunaren erakusgarri, lerro hauen azpiko estekan ondoko hau aurkituko duzue: liburuak dakartzan herri eta txangoen zerrenda, hitzaurrea eta ahoa gozatzeko atal bi, Setenil de las Bodegas herri harrigarria eta Arco del Niñora doan txangoa alegia.

CADIZ_sareak