Hemen da “Grandes puertos de la Vuelta, Itzulia y Volta a Catalunya”, udako erronka

Grandes puertos de la Vuelta, Itzulia y Volta a Catalunya liburu honek omenaldia eta gonbita dakartza aldean. Alde batetik, egileak, Antonio Toralek alegia, Vuelta a España, Itzulia eta Volta a Catalunyan izen handia hartu duten mendateetan gertatutako balentria historikoak batu ditu. Hor dira, besteak beste, Madrileko mendietako harrateak, Covadongako lakuak edo Euskal Herriko mendateak, baina baita azken urteotan izen handia hartu dutenak ere, Angliru, Ancares edo Pandera kasu.

Baina liburua ez da egun gogoangarrien bilduma soila. Gain horietara igotzeko behar diren deskribapen, jakingarri eta zenbaki guztiak ere eskaintzen ditu. Zailtasuna zehazten du, zati bakoitzari dagozkion ezaugarriak jaso, aholkuak eman… Eta gainera kalitate handiko argazkiak sartu ditu, baita mapa, jakingarriak eta profil altimetrikoa ere, igoeraren desnibel portzentajeak eta eskatzen duen ahalegina, potentzia, denbora eta abiadura jasota. Hor dauka zaleak, beraz, zerekin gozatu, irakurriz edo pedalei eraginez.

Egileak, Antonio Toralek (Jumilla, Murtzia, 1980) alegia, izugarri maite du txirrindularitza. 2017an Grandes puertos de los Pirineos (Sua Edizioak) argitaratu zuen. Bigarren edizioa kaleratu berri duen liburu horretan Pirinioetako 33 mendate legendazko deskribatu eta aztertu zituen. Orduan bezala orain ere liburua idatzi orduko igoera guztiak zenbait bider egin ditu eta berak sortutako sistema erabili du ahalegin koefizientea eta igoerak eskatzen duen potentzia kalkulatzeko.

Hauek dira mendian aurkituko ditugun Erdi Aroko gazteluak

Atentzioa eman du Rutas montañeras a castillos medievales liburu berriak, proposatzen duen gaia dela eta. Ba ote da Erdi Aroko gaztelurik Euskal Herriko mendietan? Bada, bai, badira, eta ez gutxi. Batzuk zutik aurkituko ditugu, harresiak eta dorreak tente amildegien ertzean. Beste batzuk, ostera, oharkabean igaro litezke jakin ezean hor gaztelua egon zenik. Beharbada haitzean landutako mailak, pasabideak edo ur-gordailua besterik ez dago. Eta azkenik, badira azken urteotan induskatu eta gero, harresiak eta gainerako atalak agerian utzi dituztenak.

Esther Merinok horietako 25 aukeratu ditu. Batzuk, muino apalen buru daude. Garaiena, berriz, 1.400 metrotan dago gure zain. Nahi baduzu jakin zeintzuk diren, klikatu beheko estekan. Liburuaren aurkidea (25 gaztelu eta ibilbideak) eta sarrera aurkituko dituzu. Ondo ibili!

Esther Merinok “Rutas montañeras a castillos medievales” liburua aurkeztu digu

Egunotan heldu da liburu-dendetara Rutas montañeras a castillos medievales liburua, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria. Hogeita bost ibilbide dira beste horrenbeste gaztelura, beti ere muino edo harkaitz baten buru. Historia eta mendia uztartzen dituen gonbidapen kitzikagarria. Beheko bideoan egileak, Esther Merinok alegia, liburua aurkeztu du.