
Urbasa eta Andiako mendiguneetan ibili nahi duen mendizaleak Parque natural de Urbasa y Andia liburuan aurkituko du gidaririk onena. Bertan, Kike Zinkunegik 23 ibilbide eta igoera proposatu dizkigu mota guztietako planak egin ahal izateko.
Mendizaleek, esate baterako, gailur zerrenda polita egin dezakete. Hor da Beriain (1.492 m) mitikoa, Andiako branka, gure zain. Unanutik, Lizarragako mendatetik eta Uhartetik igo gaitezke. Andiatik irten gabe, Satrustegi, Txurregi eta Gaztelu Arakil aldetik, Mortxe Ollarandik,Trekua eta Leziza Goñibartik eta Elimendi Gesalatz ibarretik igotzeko proposamenak dakartza liburuak. Urbasako mendiak ere ez dira falta: Larregoiko, Legunbe, Bargagain, Baiza, Dulantz… Mendizaleak badu non aukeratu.
Larre eta pagadien arteko txangoak maite dituztenak ere ase egingo dira: artzainen bidea, iturriena, Arteako basoa, Eskiza eta Otsaportillo, Zaborrateko ibarra, Ameskoabarrenako itzulia… Urarekin jolastea maite dutenentzat er bada aukera sorta bikaina: Urederraren iturburua, Irantzu eta Arbioz haitzarteak, Artazulgo ur-jauzia eta Artetako iturburua…
Begiratokiak (Ubaba, San Adrian eta Santa Marina ermitak…), ondarea (Zalbideko galtzada zaharra, Irantzuko monasterioa, Ulibarrenaren museoa…), antzinako legendak eta kontuak… Urbasa eta Andiak makina bat edertasun gorde dute haien baitan eta liburu honek gure esku jarri ditu. Ikusi nahi badituzu, sakatu hemen:
