Urbasa-Andiarako bidaiderik onena

Udaberria badoa eta uda ate joka daukagu. Eguraldi ona nagusitu da. Sasoi ederra, mendira joateko. Eta gure mendiguneen artean, Urbasa eta Andiako parke naturalak berezko distira dauka. Hogei milatik gora hektareako eremu joria da, naturaren altxorrez mukuru beteta.

Aukera hori egiten badugu, Parque natural de Urbasa y Andia liburua gure gidarik onena izango da. Kike Zinkunegik bertan mendigunea zertan den azaldu digu, historia eta istorio pilo kontatu eta, batez ere, 23 ibilbide proposatu dizkigu zokondorik ederrenak ezagutzeko eta naturaz gozatzeko: Beriain gisako tontor harroak, Ubaguaren moduko haitzarte bakartiak, Zalbideko galtzada zaharra, Urbasako pagadiak, Urederrako urdin sinesgaitza… eta hamaika harribitxi gehiago.

Bideoan ikusten den bezala, liburuan testu laburrak eta ibilbideen deskribapenak tartekatzen dira, mapaz, jakingarriz eta argazki ederrez egoki horniturik.

Ez dago dudarik. Urbasa edo Andian ibiltzeko, Parque natural de Urbasa y Andia bidaiderik onena da. Botak jantzi eta… mendira!

Gorbeia, Aralar eta Leireko mapa berriak

Egunotan kaleratu dira Gorbeia, Aralar eta Leireko mapen edizio berriak, Mapas Pirenaicos 1:25.000 bildumaren baitan. Azken urteotako joerari eutsiz, edizio berriak mapa hutsak dira, liburuxkarik gabekoak eta, hortaz, prezioa ere merkeago dute.

Edonola ere, Gorbeia, Aralar eta Leireko mapek euren barrutietako ibilbide balizatu guztiak jaso dituzte. Horiez gain, hamabosna txango eta igoera proposatzen dituzte eta horien trackak Suaren webgunetik deskarga daitezke, QR kode baten bidez.

Hemen daude, beraz, natura eremu paregabeotan ibiltzeko tresna egoki-egokiak. Eta ez ahaztu, nahi izanez gero hemen appa eros daitekeela mapa hauetako 3Dko aplikazioa telefono mugikorrerra jaisteko.

“Parque natural de Urbasa y Andia” liburuaren tentazioa

Urbasa eta Andia mendilerroko parke naturalak liburu bikaina merezi zuen. Eta badu: Kike Zinkunegik ondu duen Parque natural de Urbasa y Andia. Bertan natura-eremu oparo horren nondik norakoak aurkituko ditugu, hala bertako gakoak nola ibilbiderik kitzikagarrienak. Oihan sarriak, larre zabalak, mendi tontor harroak, ermita bakartiak, labar ikusgarriak, haitzarte meharrak, artzain txabolak eta eskortak, ur-jauzi sorginduak… Ez da ezer falta inguru honetan.

Nahi baduzue dastaketa txiki bat egin, esteka honetan utzi dizuegu aurkibidea, hitzaurrea eta sarrera. Gustuko izango duzuelakoan, on egin!