“Valles secretos de Gipuzkoa”, mendizaleentzako liburu harrigarria

Euskal Herria Liburuak bildumak 2022ko azken liburua kaleratu du, Valles secretos de Gipuzkoa alegia, mendiz mendi gutxien ezagutzen ditugun Gipuzkoako bailaretan barrena eramango gaituena. Egileak Joana Garcia eta Txemi de los Dolores dira, biak ala biak eskarmentu handiko mendizaleak eta herria goitik behera ibilitakoak.

Komunikabide handietatik eta ohiko ibilbide turistikoetatik kanpo, liburu honetan bildutako ibarrak natura-gune apartak dira. Jende gutxi ibili ohi da bertatik, eder-ederrak diren arren. Haran horietan harri eta zur utziko gaituzte oihan sarriek, gailur menderakaitzek eta kontu handiz gorde duten ondare kulturalak.

Mendizaleentzako liburua da hau. Tontorrez tontor, bailara ederrak ezagutuko ditugu, Basabe, Urbia, Olatz edo Degurixa bezalako malkarretan ibiliz. Gure botak gailurretara iritsiko dira, baita oihanaren bihotzeraino ere Atxulondoko burdinola galduaren bila, Lizardierrekako ibar mitologikoan barrena abiatuko dira, Kilimon erreka sorginduaren ertzetik ibiliko dira eta Etxolaberriko haran “erromatarra”ren itzulia osatuko dute. Azken batean, gutxien ezagutzen ditugun Gipuzkoako mendietara joateko gonbita dakar liburu honek.

Joana García eta Txemi de los Dolores mendizale zailduak dira eta dagoeneko hamaika argitalpen kaleratu dituzte alpinismoarekin eta naturarekin lotuta. Bilduma honetan bertan aurretik liburu bi plazaratu dituzte: Excursiones por crestas y cordales (2018) y Pueblos de Gipuzkoa con encanto (2020).

Euskal Herria Liburuak egutegia 2023

Zuhaitzak dira Euskal Herria Liburuak bildumako 2023 egutegiaren protagonistak. Gure geografian barreiatzen diren arboletako orriak, loreak, fruituak, abarrak… Horiek denak dira argazki ezin ederragoak konposatzen dituzten osagaiak.

Beti bezala, mahai gainean jartzeko egutegia da Euskal Herria Liburuak bildumakoa eta, jakina,herrialde guztietako jai-egunen berri emateaz gain, ilargiaren gorabeherak ere islatzen ditu. Gure herria ezagutzen jarraitzeko modu atsegina da, beraz, 2023ko egutegi hau.

Alberto Murok “Guía de montes de Bizkaia” liburua aurkeztu digu

Inor ez da harrituko Alberto Muro eta Ane Otxoa de Alda, Guía de montes de Bizkaia liburuaren egileak alegia, mendian harrapatu ditugula jakitean. Hala izanda, ur-jauzi baten alboan gelditu eta mezu bat bidali digute, liburuaren berri emateko. Bizkaiko mendiak ezagutu, ibili eta zaindu nahi dituzten guztientzat, ezinbesteko liburua da hau. Hona hemen egileen mezua: