
Euskal Herria Liburuak bildumak 2022ko azken liburua kaleratu du, Valles secretos de Gipuzkoa alegia, mendiz mendi gutxien ezagutzen ditugun Gipuzkoako bailaretan barrena eramango gaituena. Egileak Joana Garcia eta Txemi de los Dolores dira, biak ala biak eskarmentu handiko mendizaleak eta herria goitik behera ibilitakoak.
Komunikabide handietatik eta ohiko ibilbide turistikoetatik kanpo, liburu honetan bildutako ibarrak natura-gune apartak dira. Jende gutxi ibili ohi da bertatik, eder-ederrak diren arren. Haran horietan harri eta zur utziko gaituzte oihan sarriek, gailur menderakaitzek eta kontu handiz gorde duten ondare kulturalak.
Mendizaleentzako liburua da hau. Tontorrez tontor, bailara ederrak ezagutuko ditugu, Basabe, Urbia, Olatz edo Degurixa bezalako malkarretan ibiliz. Gure botak gailurretara iritsiko dira, baita oihanaren bihotzeraino ere Atxulondoko burdinola galduaren bila, Lizardierrekako ibar mitologikoan barrena abiatuko dira, Kilimon erreka sorginduaren ertzetik ibiliko dira eta Etxolaberriko haran “erromatarra”ren itzulia osatuko dute. Azken batean, gutxien ezagutzen ditugun Gipuzkoako mendietara joateko gonbita dakar liburu honek.
Joana García eta Txemi de los Dolores mendizale zailduak dira eta dagoeneko hamaika argitalpen kaleratu dituzte alpinismoarekin eta naturarekin lotuta. Bilduma honetan bertan aurretik liburu bi plazaratu dituzte: Excursiones por crestas y cordales (2018) y Pueblos de Gipuzkoa con encanto (2020).