San Juan Xar, hilaren 24rako hitzordu paregabea

Anitz dira euskal geografian paregabetzat jo genitzakeen lekuak. Eta, hala ere, gutxi dira San Juan Xar bezain paregabeak. Igantzin dago, Bortzirietan (Nafarroa). Batetik, ibai ertzeko oihan sarria da, hamaika espeziez osatua: lizarrak, hurritzak, haritzak…. Baina denen gaindi, bakarra delako, xarma, gurean oso urria den espeziea eta natur errerba honetan Eusakl Herriko berezko baso bakarra duena: hiru hektarea.

Bestetik, zuhaiztiaren erraietan ura darion haitzuloa dago. Antzina-antzinatik egin izan dute gurtu, ur sendagarriak direlakoan. Harpe hori ermita gisa atondu eta San Juanen babesean jarri zuten. Horregatik, datorren asteartean, hilak 24, urtero bezala, eskualdeko jende askok San Juan Xar aldera joko du tradizioa betetzera: hiru txorretetako batetik ura edanez gero, sendatu egingo dira edo eskatutako mesedea erdietsi egingo dute. Erromeria giroan, gainera, behar den bezala.

Asteartean nahiz beste inoiz, San Juan Xarrera hurbildu nahi duzuenentzat, mezu honi atxikita jarri dugu bertarako txangoa,  ‘Rutas por los bosques más bellos’ liburutik hartuta. Hori Euskal Herria Liburuak bildumako bigarren zenbakia dugu, apirilean argitaratua, eta Santi Yaniz adituak egin zuen. Ondo ibili!

MAQUETA BOSQUES_01.inddMAQUETA BOSQUES_01.indd

Guía de Vías verdes, tipi-tapa trenbide zaharretatik

VIAS VERDES_EHDatorren ekainean kaleratuko da Euskal Herria Liburuak bildumako hirugarren titulua. ‘Ama Lurra’ eta ‘Rutas por los bosques más bellos’ arrakastatsuen ondoren, ‘Guía de Vías Verdes’ helduko da, bide berdeen gidaliburua alegia, Alberto Muro argazkilari eta idazlearen lana. Liburuko 216 orrialdeetan 38 proposamen aurkituko dituzue oinezkoentzat zein txirrindularientzat egokitu diren trenbide zaharrak ezagutzeko. Eta horiekin batera, baita bidegorri xarmagarri batzuk ere.

Egiari zor, harrigarria da antzina Euskal Herria zeharkatu zuten trenbideen kopurua, eta are harrigarriago, nondik nora ibili ziren ikusita, sarritan paraje malkartsu eta basatietan barrena atzera eta aurrera aritu ziren eta. Gu, ostera, tipi-tapa ibiliko gara leku liluragarri horietatik, Atxondoko ibar lasaitik esate baterako, edo Barbadun, Bidasoa, Irati eta Leitzaran ibaietako ertzetatik, edo Arabako Mendialdeko bihotzean barrena…

Kalean dago ‘Ama Lurra’ren bigarren edizioa

AMA LURRA 170-171AMA LURRA 68-69Euskal Herria Liburuak bildumako lehenengo tituluak, ‘Ama Lurra’k, ongi etorri beroa jaso du harpidedun eta irakurleen aldetik. Esaten dugunaren erakusgarri bikaina dugu lehenengo edizioa oso arin agortu izana. Egin kontu, otsailean jarri zen salgai. Sua Edizioak-ek bigarren edizioa argitaratu du apirilean.

Hamar urtez Euskal Herria aldizkarian agertu ziren fauna, landaredi, zuhaitz eta naturaren gaineko erreportajeen bilduma da ‘Ama Lurra’. Begietarako opari hutsa, benetako espezialistek egindako argazki bikainei esker, eta irakurmenerako plazera, euskal fauna eta landaredia zehatz-mehatz ezagutzen duten adituen testuen erruaz. Egin kontu, egileak Juan Carlos Muñoz, Joseba del Villar, Iñaki Mezquita, Jon Benito, Joseba Arrizabalaga, Mar Ramirez eta Amador Prieto dira.

‘Ama Lurra’k 216 orrialde dauzka, denak koloretan, eta bertan zain dauzkagu euskal naturaren protagonista ezagun eta bitxiak, besteak beste, oreinak, izokinak, bisoiak, haritz kandudunak eta haginak, sendabelarrak eta belar sorginduak, ugatz handiak eta marisorginak. Altxor hutsa.