Gipuzkoan umeekin egiteko ibilbide sorta bikaina

Liburu honetan hogeita sei ibilbide aurkituko ditugu. Baina txango sorta eder horrek ezaugarri berezi bat dauka: umeekin egiteko pentsatuta daude. Gipuzkoako eskualde guztietan barrena, edertasun natural handiko edo ondare historiko nabarmeneko lekuetara eramango gaituzte. Beti, haurren gaitasunetara egokitutako desnibelekin eta distantziekin.

Horrela, ibilbide berak bi aldaera eskaintzen ditu: bata laburra, txikienekin gozatzeko, eta bestea luzeagoa, indarrak eta adina lagun dituenak erakartzeko. Ibilbide bakoitzari buruzko informazio gehigarria eskaintzen du liburuak, baita bideoak eta ibilbide bakoitzaren mapa deskargatzeko QR kodeak ere.

Kostaldeko labar eta hondartzetatik Aizkorri eta Aralar aldeko mendietara, eta Udalatxeko magaletatik Jaitzubiako zingiretara, Gipuzkoa osoa ezagutzeko eta bere natura- eta ondare-altxorrak bertatik bertara ikusteko gonbita dakar aldean.

Liburua euskaraz (Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa) eta gaztelaniaz (Rutas en familia por Gipuzkoa) kaleratu da.

Egilea, Iñaki Alcalde, eskarmentu handiko mendizalea da eta, gainera, mendi liburuak eta artikuluak idazten trebatuta dago. Besteak beste, Guía de montes de Gipuzkoa gidaliburu arrakastatsua ondu zuen, Txusma Perez Azacetarekin batera. Dagoeneko, seigarren edizio argitaratu dira.

“La gran ruta de los faros”, euskal kostaldea ezagutzeko ibilbidea

Abentura makala La gran ruta de los faros de la costa vasca liburu berriak proposatu diguna: Getxotik Biarritzera tipi-tapa joatea, itsasbazterrari segika itsasargiak bidarritzat hartuta. Hamasei etapa gogoangarri dira, Euskal Herria itsastarra bertatik bertara ezagutzeko eta urratsez urrats gozatzeko.

Zeharkaldia izanik, ahalegina eskatuko digu, jakina, baina etapak ez dira luzeak eta, horretaz, itsasondotik ibiltzeko plazeraz gain, han eta hemen azalduko zaizkigun harribitxiak patxadaz ikusteko astia edukiko dugu. Labarrak, talaiak, kaiak, hondartzak, bokaleak, landak, kalak, basoak, errekak, baserriak, ermitak, herriak eta hiriak tartekatzen urratsez urrats aurrera egingo dugu, kresala lagun dugula.

Egilea, Javi Pascual Otalora, eskarmentu handia dauka arlo honetan. Sua Edizioak-eko sortzaileetako bat izan zen eta bertako zuzendaria 30 urtez. Jubilatu eta gero, liburuak idazteari ekin dio. Hau laugarrena du. Aurretik argitara atera ditu Pueblos de Bizkaia con encanto, Pueblos de Araba con encanto eta Excursiones por riberas de ríos.

“Parque natural de Aizkorri-Aratz”, natura-eremu paregaberako gidaliburua

Euskal Herria bildumako liburu berriak, “Parque natural de Aizkorri-Aratz” izenekoak alegia, 20.000 hektarea zabal den eremu paregabean murgildu nahi gaitu. Izan ere, Aizkorri-Aratzeko parke naturala sei mendilerroz eta zazpi paisaia ederrez osatuta dago: Aketegi eta Andartoren gisako tontor lerdenen itzalpean Urbia edo Degurixa bezalako larre karstikoak babesten dira; Altzaniako mendietan pagadi amaigabeak zabaltzen dira, hegoaldeko isurialdean Lezekoa bezalako arroilak ageri diren bitartean. Gaztelu bihurtutako gailurrak ere ez dira falta, Marutegi edo Atxorrotx kasu, eta lurpeko unibertsoak Arrikrutz gisako harribitxi joriak erakutsi dizkigu. Ezin ahaztu, gainera, badela Aitzulo, Arantzazu edo San Adrian bezalako leku sorgindurik ere.

Jon Iraola mendizaleak Aizkorri-Aratzeko parke naturalean barrena egiteko 30 ibilbide bildu ditu liburu honetan. Hara eta hona ibiliko gara, gailurren bila, oihan zabaletan zehar eta erreka jauzkarien albotik, beti leku ederren bila. Alegia, natura-eremu paregabea bertatik bertara ezagutuko dugu.