Konfinamendua arintzen hasi berri den honetan, lehen bezala eutsi behar diegu segurtasun neurriei, zentzunari eta elkartasunari. Urrun dago, oraindik, helmuga. Bitartean, txoko honetara irakurketagaiak ekartzen jarraitzen dugu, aurrerago, ondo bidean, txango bihurtuko direlakoan. Gaur “80 rutas senderistas por Gipuzkoa” liburura jo dugu, bertan dagoelako paisaia sorta jori eta erakargarria. Ibilbide horietan itsaslabar lerdenak, kostaren gaineko talaiak, artzaintzara emandako mendigune zabalak, pagadi ikusgarriak, haitzarte bakartiak eta ibai aratzak agertuko zaizkigu. Beheko esteka klikatu eta horietako batzuk topatuko dituzu. Irakurketa on!
Artxiboa laburpen hitzeka: xendazaletasuna
Xendazaleentzako 80 ibilbide, Bizkaian zehar egiteko
Bizkaia osatzen duten hiru osagai nagusiek, ura, haitza eta burdina alegia, herrialdeko paisaia eta, are gehiago, nortasuna zizelkatu dituzte. Hirurak nahastean gauza izan dira itsasadar eta estuarioak sortzeko, gaur egun Bizkaiko eszenatoki ezaugarrienak, Ibaiazabal eta Urdaibai buru. Horrela agertu dira, halaber, meatze aldeak, mendigune karstikoak, itsaslabarrak eta gailur ezaugarriak. “80 rutas senderistas por Bizkaia” liburuak paisaia horietara eramango gaitu, hala gure herri gogoan ohorezko lekuan daudenetara nola oraindik ere herritar gehienontzat zeharo ezezagunak direnetara.
Hortaz, liburuak mota honetako tokietara joatera gonbidatuko gaitu: Gaztelugatxe, Urdaibaiko padurak, Gorbeiako Arraba eta Itxina, Bilboko itsasadarra eta Gernika. Horiekin batera, goi mendietako bizkarretatik ibiliko gara, azken pagadietan orbelak zapalduko ditugu, meatzarien herri hustuetara helduko gara eta baleak zelatatzeko talaietatik itsasoarekin bat egingo dugu.
Liburu honek 80 proposamen batu ditu. Goiz pasa ederra izan daitezke, ia denak umeekin egiteko modukoak, gehienak aldats gogorrik gabekoak. Askotan bide seinaleztatuetatik igarotzen dira. Edonork egiteko moduko xendazaletasuna, beraz.
Ibilbide horietatik gehien-gehienak Sua Edizioak-ek azken urteotan argitaratutako liburu eta aldizkarietan agertu dira. Denak errebisatu eta eguneratu dira. Bizkaia osoa gure esku geratuko da: aztarnategi arkeologikoak, megalitoak, ur-jauziak, itsaslabarrak, gailur panoramikoak, artadiak eta pagadiak, hiri barruko ibilbideak eta beste hamaika proposamen.
Ibilbideak aldean dakar deskribapena, fitxa teknikoa eta mapa, baita argazkiak ere. Liburuko kontrazaleko barrualdean txango guztiak ageri dira, Bizkaiko mapan egoki jarrita.
Gipuzkoan barrena, 80 ibilbide eder
Itsasoaren eta mendiaren arteko besarkadatik sortu da Gipuzkoako paisaia paregabea. Uretara amiltzen diren mendiak, kosta zelatatzeko talaiarena egiten duten muino apalak, barrualdeko ibarretako ermita batzuei darien itsas zaporea, ontzigintza elikatu duten oihanak… “80 rutas senderistas por Gipuzkoa” irakurtzen duenak, gidaritzat hartzen duenak, itsas haizearen laztana sentituko du aurpegian, kresal usainaz oxigenatuko da, olatuen marmarraz lasaituko da eta, nola ez, Bizkaiko Golkoa bere gorenean ikusiko du.
Hori gutxi balitz, mendi altuetara ere igoko da, urtegietako ertzetatik ibiliko da, kondairatik datozen pagadietan barrena murgilduko da eta sakanetatik gora joango da, horiek ere Gipuzkoako geografiak gordetzen diren altxorrak direlako. Eta bada gehiagorik: hirian barrenako ibilbideak, natura-parkeak, padurak, meatzeak…
Liburu honek 80 proposamen batu ditu. Goiz pasa ederra izan daitezke, ia denak umeekin egiteko modukoak, gehienak aldats gogorrik gabekoak. Askotan bide seinaleztatuetatik igarotzen dira. Edonork egiteko moduko xendazaletasuna, beraz.
Ibilbide horietatik gehien-gehienak Sua Edizioak-ek azken urteotan argitaratutako liburu eta aldizkarietan agertu dira. Denak errebisatu eta eguneratu dira. Ibilbideak aldean dakartza deskribapena, fitxa teknikoa eta mapa, baita argazkiak ere. Liburuko kontrazaleko barrualdean txango guztiak ageri dira, Gipuzkoako mapan egoki jarrita.