Txangoak, historian barrena

EH17_HISTORICOS(cubierta).indd

Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak gure zaletasun kutunetako bi batu ditu: txangoak eta historia. “Excursiones a lugares históricos” liburuak 30 ibilbide dakartza aldean, guzti-guztiak gure iraganaren une gogoangarriei lotuta. Urruneko parajeetara eramango gaitu gure historiako atala ahaztuen bila, baina baita gure ikur nagusienen eszenatokietara hurbildu ere.

Liburuko orrialdeetan barrena euskal historiako pasarterik ezagunenak aurkituko ditugu, Gernikako sua, Orreagako gudua edo Amaiurko gaztelua kasu. Bidelapur, mandazain, emakume espartingile eta olagizonen oinatzen xerka ibiliko gara. Gure prehistoria lanbrotsuaren misterioetan murgilduko gara eta Euskal Herrian zutik dirauen erromatar akueduktu bakarra idoroko dugu. Matxinoen alboan Herria! Herria! aldarrika arituko gara, naziengandik ihesi mugalari ibiliko gara eta Marisantzekin batera lasterketa eroan abiatuko gara, seme Bereterretxe salbatzeko ahaleginean.

Orotara 30 atal historiko bildu ditu egileak, Hektor Ortegak alegia, Euskal Herriko herrialde guztietakoak. Atal bakoitzean zati bina aurkituko ditugu. Lehenengo, gai historikoaren azalpena dakar. Ondoren, leku horretara joateko txangoaren deskribapena topatuko dugu, mapaz eta jakingarriz hornituta. Honela, liburuak gozatzeko aukera bi ematen dizkigu: lehenengo etxeko epelean arlo historikoaren irakurketaz gozatu eta gero lekuan lekuko ibilbidea egin.

This slideshow requires JavaScript.

“Arantzazu y parque natural de Aizkorri-Aratz”, historia, artea eta txangoak

arantzazu-aizkorritxiki

Sua Edizioak-ek “Arantzazu y parque natural de Aizkorri-Aratz” liburu ikusgarria plazaratu du. Santutegi ospetsua eta haren inguruan zabaltzen den natur eremu joria islatu ditu 128 orrialdeetan barrena. Irakurleak bertan aurkituko du Arantzazuk Euskal Herriaren historiari, arteari, izpiritualtasunari eta natur ondareari egindako ekarpen oparoa.

Hiru atal ditu liburuak. Lehenengoa santutegiari lotu zaio, hasi legenda zaharrekin eta buka euskal arte garaikidearen ikonoarekin. Bost mendeko historia luzeko pasadizo gogoangarriak edo harrigarriak azalduko dira orriadeotan barrena, dela liberalek komentuari su eman ziotenekoa, dela Ameriketan Arantzazuko Ama Birjinak isetu duen debozioa.

Atal horretako argazkiak Raúl Esteban espezialistak egin ditu. Gau eta egun zelatatu ditu Arantzazuko bazterrak, haren arimari darion edertasun estetikoa bere horretan islatu arte. Irudi zoragarri horien bidez santutegiko ikono artistiko guztiekin txundituta geratuko gara.

Bigarren atala Aizkorri-Aratz parke naturalari dagokio, Arantzazu baita bertara sartzeko ate nagusia. Testuak mendi eta sakan nahaspil zoro horretan gidatuko gaitu, baita lur azpiko altxorrak, saroiak, oihanak eta natura gordinik non gorde diren argitu ere. Fauna eta landaredia gure begien aurretik igaroko dira orografia bihurri eta eder hori bizitzaz zipriztinduz.

Liburua ixteko bost ibilbide aukeratu dakartza Arantzazu ondoko mendialdea ondo ezagutzeko: Urbia, Aizkorri, Aloña, San Adrian/Lizarrate… Liburuko pasarte idatziak Argiñe Areitiori, Txusma Perez Azácetari eta Hektor Ortegari zor zaizkio.

Maketazio txukuna, argazki liluragarriak eta testu irakurterrazak eta jostariak dira begietatik sartu eta ariman oinatz sakona lagako digun liburu honen osagaiak.

This slideshow requires JavaScript.

Hona hemen harrituko zaituzten lekuak

Alberto Murok eta Sua argitaletxeak 38 txango aukeratu dituzte “Rincones que te sorprenderán” liburua osatzeko. Euskal Herrian barrena eramango gaituzte leku berezien bila. Toki horietan naturak, historiak, ondareak, paisaiak edo jendearen jardunak zur eta lur utziko gaituzte. Gure herria hobeto ezagutzeko eta gure herriaz gehiago gozatzeko. Leku horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hona hemen zerrenda:

eh16-rincones-aurkibidea1eh16-rincones-aurkibidea2