Sua Edizioak-ek “Arantzazu y parque natural de Aizkorri-Aratz” liburu ikusgarria plazaratu du. Santutegi ospetsua eta haren inguruan zabaltzen den natur eremu joria islatu ditu 128 orrialdeetan barrena. Irakurleak bertan aurkituko du Arantzazuk Euskal Herriaren historiari, arteari, izpiritualtasunari eta natur ondareari egindako ekarpen oparoa.
Hiru atal ditu liburuak. Lehenengoa santutegiari lotu zaio, hasi legenda zaharrekin eta buka euskal arte garaikidearen ikonoarekin. Bost mendeko historia luzeko pasadizo gogoangarriak edo harrigarriak azalduko dira orriadeotan barrena, dela liberalek komentuari su eman ziotenekoa, dela Ameriketan Arantzazuko Ama Birjinak isetu duen debozioa.
Atal horretako argazkiak Raúl Esteban espezialistak egin ditu. Gau eta egun zelatatu ditu Arantzazuko bazterrak, haren arimari darion edertasun estetikoa bere horretan islatu arte. Irudi zoragarri horien bidez santutegiko ikono artistiko guztiekin txundituta geratuko gara.
Bigarren atala Aizkorri-Aratz parke naturalari dagokio, Arantzazu baita bertara sartzeko ate nagusia. Testuak mendi eta sakan nahaspil zoro horretan gidatuko gaitu, baita lur azpiko altxorrak, saroiak, oihanak eta natura gordinik non gorde diren argitu ere. Fauna eta landaredia gure begien aurretik igaroko dira orografia bihurri eta eder hori bizitzaz zipriztinduz.
Liburua ixteko bost ibilbide aukeratu dakartza Arantzazu ondoko mendialdea ondo ezagutzeko: Urbia, Aizkorri, Aloña, San Adrian/Lizarrate… Liburuko pasarte idatziak Argiñe Areitiori, Txusma Perez Azácetari eta Hektor Ortegari zor zaizkio.
Maketazio txukuna, argazki liluragarriak eta testu irakurterrazak eta jostariak dira begietatik sartu eta ariman oinatz sakona lagako digun liburu honen osagaiak.