“Mañaneras por Navarra”, goizpasa mendian egiteko plan ederrak

Ez zaio arrazoirik falta Iñaki Vigorri, esaten duenean “Nafarroan goizpasa mendian egitea oso erraza dela. Nahikoa da begiak itxi, atzamarra maparen gainean jarri eta, seguru, goiza mendian ederki emateko moduko ibilbide bat edo gehiago aukeratuko dugu, naturaz gozatzeko gure burua gehiegi estutu gabe”. Eta halakoak esaten ditu Mañaneras por Navarra liburua idatzi duelako. Hor 30 ideia ematen ditu mendian goizpasa ederrak egiteko.

Mendi itzuli horiek Nafarroako mendigune nagusietan eta inguruetako ibarretan barrena abiatzen dira. Ibardinen hasita eta Belaguaraino, Pirinioetako lerro guztian dabil, eta Lapoblacionetik Kasedaraino, Nafarroako erdialdeko tontor eta haranak bisitatu ditu. Ibilbide bakoitzaren deskribapenaz gain, egileak jakingarriak, mapa, tracka eta argazkiak erantsi ditu, baita dagokion eskualdeko gairen bat edo beste, beti ere historiarekin, naturarekin, kulturarekin edo etnografiarekin lotuta.

Liburuko ibilbideak egitean, ehunka tontorrez gain, oihanak, haitzuloak, iturburuak, ur-jauziak, megalitoak, baskoien herriak, gazteluak eta are desertuak ere aurkituko ditugu. Nafarroa bertatik bertara ezagutzeko gonbit kitzikagarria dakar.

Iñaki Vigor urte luzez aritu da kazetari moduan eta mendi eta ondare gaietan aditua da, Sua Edizioak argitaletxearekin liburu bi gehiago ditu: Mañaneras. 50 excursiones de media jornada eta Travesía de los Mugarris. Del Bidasoa a Belagua.

“Rutas montañeras a ermitas”, mendiz mendi leku sakratuetara

Mendi tontorretan, haitzulo eta harpeetan, oihan trinkoetan edo itsasoaren gainean, hamaikatxo ermita eder dago Euskal Herrian barrena. Rutas montañeras a ermitas liburuan Alberto Bargos Cucók hogeita sei aukeratu ditu naturan barrena igoera edo txango ederrak proposatzeko. Emaitza zoragarria da, mendirik mendi leku sakratuen bila joateko gonbit tentagarria.

Milaka urte dira herritarrek leku horietako batzuk santutu zituztenetik. Itzal handiko mendien buru daude, esaterako, Urregarai, Kizkitza edo Mendaurko gailurretako baselizak. Beste batzuk, berriz, haitzuloetan babestuta eraiki zituzten, Urallaga, Sandaili edo Kuartangoko Trinitatea kasu. Baso zabalen abaroan aurkituko ditugu Burdindogi edo San Bitor Gaunako. Jainko zaharren oihartzunak bildu dituenik ere bada, Zuberoako Maidalenak gordetzen duen Herauskorritse adibidez. Itsasoari begira daude Atxarreko San Pedro eta Pobeñakoa. Eta gudu odoltsuetako lekuko izan dira ez gutxi (Montejurra, Hernaniko eta Sarako Santa Barbara ermitak…).

Haien sekretua zein den ere, denek eutsi diote euren lilurari. Alberto Bargosek proposatzen dizkigun ibilbideei segika, natura-eremu zoragarrietan barrena hara-hona ibiliko gara, gure belarrietan behialako legenda zaharren oihartzunak entzuten ditugun bitartean.

“Piripuinak”, Pirinioak txikienekin gozatzeko plana

Etxeko txikienak mendizaletzeko gogoa edukiz gero, hauxe da gure liburua: Piripuinak. Liburuak mota biko testuak uztartu ditu: Pirinioetan girotutako ipuinak eta ipuinetan ageri diren lekuetatik egiteko mendi txangoak. Koktel zoragarria osatzeko, Rakel Garcíaren ilustrazio zoragarriak batu dizkiogu. Itzela!

Bost dira ipuinak, Erronkaribarretik hasi eta Benasquerainoko tartean girotutakoak. Pirinioetako hego isurialdeetako parajeak eta animaliak agertzen dira: Camille hartza, Linzo sarrioa, Tena haraneko igela, Tozaleko labarretako sugandilak eta Carlota marmota. Baina ez dira ipuinak bakarrik. Gainera, eremu horretan egiteko 33 mendi ibilbide bildu ditu María Lombillok, ipuinetako protagonistak eta haien ingurua bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko. Oihan, mendi eta belardietatik gora eta behera ibiliko gara, paisaia zoragarriak lagun. Ibilbibide bakoitzak bere bideoa eta tracka ere badakar, galdu gabe ibil gaitezen.

Eta, azkenik, baina ez azkena, Rakel Garcíak prestatu dituen ilustrazio bikainak aipatu behar ditugu, liburu hau begietatik sartuko zaigulako. Nahi baduzu ikusi, lerroon azpian lagin bat jarri dugu. Gozatu!