“Lau elementuen erronka”, Pou anaiak beren gorenean

Gutxitan bezala, liburu honen azalak ezin hobeto islatzen du bere barrualdeko mamia. Hormatzar ezinezkotik gora doaz anaiak, bihotz eta arima ekinean, amildegian dingilizka, helburu helezinaren bila. Horrelakoa da Lau elementuen erronka, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileen azken urteotako jarduna bildu duen liburua, goi-mendia eta abentura sinesgaitzak barra-barra, gasteiztar eskalatzaileon bizitzetako ezinbesteko osagaiak dira eta.

Aupa Pou! arrakastatsuan ireki zuten bidetik jarraitu dute bigarren liburu honetan. Ura, sua, airea eta lurra dira lau elementuak eta Pou anaiek eurei lotutako erronkei ekin diete azken urteotan munduko bazter urrunetan: Himalaia, Santo Tomé, Andeetako mendietan… Eskalada gaitzak, ez sinesteko modukoak, natura basati eta, sarritan, kupidagabe baten erdian.

Liburuan ibilera harrigarri horien kontakizuna jaso dute, argazki zoragarrien laguntzaz. Bideoetarako estekak ere tartekatu dituzte, egindakoaren neurria modu are konpletoagoan har dezagun. Emaitza bikaina da, goi-mendiko bizimodua bere horretan islatuta 280 orrialdetan barrena. Eta hori guztia gutxi balitz, eskalada munduko beste anaia ospetsu batzuek, Thomas eta Alexander Huberrek alegia, idatzi dute hitzaurrea.

Nahi baduzue lehenengo begiratua eman, hemen daukazue:

“Izarrak eta haitzak”, eskalatzaileen istorio handi eta txikiak

Liburu Egunarekin batera heldu da liburu-dendetara Karlos Aretxabaletaren Izarrak eta haitzak izeneko harribitxi hau. Egileak hogei bat eskalatzaileren bizipenak ekarri dizkigu, maisuki kontatuta. Batzuk ospestsuak dira, mundu osoan ezagunak. Besteak, ostera, ibilbide isilagoa egin dute. Baina denek dute zer kontatua.

Izar eta haitzen arteko bidaia zoragarri honetan oroitzapenak gidari hartuko ditugu Euskal Herriko zein atzerriko mendietan barrena, eskalatzaile andana honen ibileren berri jakiteko. Batzuetan anekdota xume baina esanguratsua izango da; beste batzuetan, garai bateko giroaren lekukotza, edo ibilitako bidearen bizipen erakusgarria. Hasi eta buka gustu handiz irakurtzeko moduko liburua.

Karlos Aretxabaleta, Txapel, eskalatzailea eta idazlea da. Poesia eta narratiba liburu andana argitaratuta dago, besteak beste Hitz Margotuak (EME, 2016) edo Sex-sua (Elkar, 2021). Liburuaren salmenten bidez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio egileak. Liburuko sarrera Juanra Madariagak idatzi du; hitzostea, berriz, Ioritz Gonzalez Lertxundirena da. Azaleko ilustrazioa, azkenik, Eli Azurmendik egin du.

Liburu-dendetan da Alex Txikonen “Manaslu neguan” liburu berria

Heldu egin da. Alex Txikonen Manaslu neguan liburu berria gure artean da, liburu-denda guztietan. Bertan aurkituko dugu Manasluko igoera Lemoako mendizaleak berak kontatuta. Aurtengo urtarrilaren 6an iritsi zen tontorrera, igoera eta jaitsiera latzak eginda. Balentria hori, izatez, hiru urteko ahalegina izan da, lehenengo espedizio biak sari barik gelditu zirelako. Baina horiek ere badira tontorrerako bideko atalak, Alexek berak gogora ekartzen duen bezala, tontorra bidea bera delako.

Kontakizun zintzoa osatu du Txikonek. Sentitu bezala jaso ditu gertakizunak, bizipenetatik abiatuta, okerrak eta sufrimendua ezkutatu gabe. Berarekin batera ibiliko gara mendi mazela izoztuetan gora eta behera, serac beldurgarrien artean, hotz gorriaren mende eta haizeteak erruki barik astinduta. Chhepal, Lama, Mayla, Simone eta beste lagun asko izango ditugu alboan. Eta harritu ere egingo gara, Manaslurako bidea Sierra Leonatik ere igaro daitekeelako eta hara-hona gabiltzala Pasang Temba aspaldiko lagunarekin elkartuko garelako.

Liburu mardula da, hala edukiz nola orrialdez (224 orrialde), argazkitzarrez egoki horniturik. Hogei ataletan xehatzen du, urratsez urrats, tontorrerainoko bidea.