Galizia harrigarria

Uztailak opari ederra ekarri digu: Galicia bildumako Rincones que te sorprenderán liburua, Anxo Rialen lana. Berrogei leku harrigarri aukeratu ditu egileak bisitaria zur eta lur uzteko, baina, batez ere, Galizia barrutik ezagutuz haren edertasunaz gozatzeko. Lortu ere egin du, dudarik ez.

Anxo Rialen testu eta argazki ederren eskutik, lau probintzietan barrena ibiliko gara, ezohiko leku horien bila. Sarritan bisitariari oharkabean igarotzen zaizkion tokiak dira. Etnografia, kultura, natura eta historia besarkatzen dira liburu honetako proposamenetan Galizia barru-barrutik ezagutzera emateko. Zain ditugu antzinako etxola biribiletako herrixkak, garaiak, itsasargiak, senaia bakartiak, herri hustuak, meatze zaharrak, ur-jauziak, mendi tontorrak, lakuak, ibaiak, monasterioak…

Galizia harrigarria dastatu nahi duenak lerro hauen azpiko estekan liburuaren aurkibidea eta lagin bat aurkituko du, tentagarri. Ondo ibili!

“Rutas a cascadas recónditas” liburuko ur-jauziak

Ederrak dira, oso, Rutas a cascadas recónditas liburuko ur-jauziak. Eta beste horrenbeste esan dezakegu haietara iristeko egileek proposatutako ibilbideen gainean. Gozatua hartuko dugu bidean, gozatua hartuko dugu helmugan. Baina zeintzuk dira, goiko azaleko ibaia bezala, oihanaren erdian ezkutatzen diren ur-salto horiek? Eta zeintzuk mendi magaletik behera abailtzen diren ur-xirripa ausartak?

Beheko estekan liburuko aurkibidea utzi dugu. Bertan dago liburuak dakartzan ur-jauzien zerrenda. Harekin batera, sarrera eta lehenengo ibilbidearen hasiera ere jarri dugu, erakusgarri. Ur-jauzietara joateko gogoa piztuko zaigu, seguru. Ondo ibili!

“Rutas a cascadas recónditas”, ezkutuko altxorren bila joateko gonbita

Oihan sarritik aurrera goaz, zuhaitzen abaroan tipi-tapa. Halako baten, zarata sorgor etengabea entzuten hasi gara. Apur bat aurrerago, soinua zer den identifikatu dugu, artean ikusi ez badugu ere: urak dira, jauzia egitean sortzen duten azantza. Eta handik gutxira, bideko errebuelta baten ondoren, han azalduko zaigu, ezustean, dotore eta lerden. Adibidez, lerro hauen gaineko irudian ageri den Peñaladrosko ur-jauzia, basoaren erdian. Horixe da Euskal Herria bildumako Rutas a cascadas recónditas liburu berriak proposatzen diguna: oro har oso ezagunak ez diren hogeita sei ur-saltorako ibilbideak egitea.

Beraz, liburu honetan Euskal Herriko ur-jauzi ezagunenak alde batera utzi (nahiz eta labur jasota dauden atal berezi batean) eta ohiko txangoetatik aparte aurkituko ditugun beste batzuk dira protagonistak. Mota guztietako ibilbideak eskaintzen dizkigu. Batzuk mendi igoerak izango dira, beste batzuk paseo atseginak, badira goiz-pasako txango ederrak… Zain ditugu labarretik behera abailtzen diren ur-jauzi luzeak, basoko urrutiko zokondoan gorde direnak, edo haitzartearen barrualdean ezkutatzen direnak. Uzkain, Pista, Los Altares, El Chorretón, Agireta, Luna, Iruerreka, Orkatua… leku xarmagarrien zerrenda handituko digu liburu honek.

Egileak Paulo Etxeberria, Begoña Fernandez eta Alberto Muro dira. Lehenengo biek Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Nafarroako ur-jauzien ardura hartu dute. Murok, berriz, Bizkaia eta Arabakoak jorratu ditu. Emaitza, irudi ikusgarriz eta testu mamitsuz betetako liburu eder hau da.