Euskal Herriko perretxikoen gida

2025eko udazken lehor honek ez dio poz askorik ekarri perretxikozaleari, baina hori amaitu da. Ez, ez gatoz datozen asteetako eguraldia iragartzera, albiste eder baten berri ematera baizik: liburu-dendetan da Euskal Herriko perretxikoen gida. Cristóbal Burgos adituak aukeratu ditu espezieak eta prestatu ditu dagozkien deskribapenak eta argazkiak.

Euskal Herriko perretxikoen gida berri honek hirurehunen bat espezieren berri ematen du. Ohikoenak eta zaletuek gehien ezagutzen dituztenak dira. Beraz, tresna eragingarria jarri nahi du zaletu guztion esku, perretxikotan mendira goazenean zertan gabiltzan jakin dezagun. Hain zuzen, informazio zehatza erantsi dio egileak zer espezie den aise jakiteko, ezaugarriak jaso, antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztu eta jangarriak diren ala ez ebatzi ahal izateko.

Gida berri honetan kuku bat egin nahi baduzue, beheko estekan lagin txiki bat utzi dugu. Ondo ibili perretxikotan!

Alberto Murok “Guía de montes de Bizkaia” liburua aurkeztu digu

Inor ez da harrituko Alberto Muro eta Ane Otxoa de Alda, Guía de montes de Bizkaia liburuaren egileak alegia, mendian harrapatu ditugula jakitean. Hala izanda, ur-jauzi baten alboan gelditu eta mezu bat bidali digute, liburuaren berri emateko. Bizkaiko mendiak ezagutu, ibili eta zaindu nahi dituzten guztientzat, ezinbesteko liburua da hau. Hona hemen egileen mezua:

“Xiberoako xendak”, Zuberoako mendi gida Robert Larrandabururen eskutik

Egunotan heldu da liburu-dendetara Xiberoako xendak. 59 ibilbide. 35 gailur mendi-gida berria. Euskal Herriko herrialderik ttipienak mendi ikusgarriak dauzka bere geografian zehar barreiaturik eta gida honek tontor horietara igotzeko ibilbiderik egokienak bildu ditu.

Pettarra, Arbaila eta Basabürüa aldeko igoerarik kitzikagarrienak aurkituko ditugu liburu honetako orrialdeetan: pagadi zabalez hornitutako Arbailako mendiak, Madalena mitologikoa inguratzen duen mendigunea, Baretouseko ibarretik banatzen duen mendilerroa eta, jakina, Nafarroarekin partekatzen dituen mendi ezaugarriak. Hor azalduko zaizkigu Lakhura, Orhi, Otsogorrigaña…

Egilea Robert Pipas Larrandaburu mendizale ezaguna da. Larraineko seme horrek ibilbiderik politenak aukeratu ditu eta, gainera, Zuberoako kulturako eta historiako hamaika konturen berri eman du, naturaz eta kulturaz batera goza dezagun.

Liburuaren edizio bi plazaratu ditu Sua Edizioak-ek: euskarazkoa, batetik, eta frantsesezkoa bestetik. Zuberoakoaz gain, azken urteotan Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako mendi-gidak berritu eta handitu ditu argitaletxeak. Udazkenean Bizkaiko gida kaleratuko du, hori ere goitik behera berritua eta zabaldua. Zuberoakoa da euskaraz agertu den lehenengoa.