“Rutas para observar animales”, naturara itzultzeko gonbita

EH36_ANIMALES Observacion(cubierta).indd

Euskal Herria bildumak argitalpen paregabeaz esango dio agur 2019. urteari. “Rutas para observar animales” liburuak gure geografian barrena ibiltzeko 30 txango proposatzen ditu, animaliak bizi diren lekuak ezagutzeko eta, zortea lagun, beraiek ikusteko itxaropenaz. Egileak Juan Carlos Muñoz biologo eta argazkilaria eta Mar Ramirez natura-gidaria dira.

Ibilbideak Euskal Herri osoan zehar barreiatzen dira, ekosistema sorta joria osatu arte. Hasi Bizkaiko Golkoko uretan eta segi Pirinioetako goi gailurretaraino edo Bardeetako basamorturaino. Horietan gordetzen baitira, besteak beste, gure kostaldera hurreratzen diren zetazeo handiak, marruka aritzen diren oreinak, basoetan gordetzen diren tximeletak edo bortuetatik igarotzen diren milaka hegaztiak.

Lakuak, oihanak, mortuak, subalpetar paisaiak, zingirak, labarrak eta ibaiak dira bisitatzeko gonbita luzatzen diguten ekosistemetako batzuk, beti ere tentuz, isil-isilik, begirunez eta kalterik eragin barik ibiltzeko konpromisoarekin. Horrela jokatu ezkero, beharbada, gure natur eremuetako espezie batzuekin egingo dugu topo.

Testuak Mar Ramírez natura-gidari adituari zor zaizkio. Argazkiak, berriz, Juan Carlos Muñoz sarritan sarituari. Hala testuek nola irudiek fauna basatiaz gozatzeko atea irekiko digute eta, horrekin batera, gure natura ahal denik eta ondoen gordetzea beharrizan larria dela ohartuko gara.

This slideshow requires JavaScript.

Sarrioak itzuli dira Iratiko ipar isurialdera

paulhermansGemse01

Sarrioak mendi garaietako haitzetan. Argazkia: CC BY Paul Hermans. 

Otsailean zazpi sarrio askatu zituzten Harsüdürrako mendietan, Iratiko Oihanaren ipar ekialdean, Zuberoa eta Nafarroa Behereko lurretan. Pirinioetako Parke Nazionaletik ekarri zituzten eta handik helduko dira beste batzuk ere, aurten hogei sarrio inguru horretan jare utzi arte. Helburua da inguru horretan sarrio multzo egonkorra sortzea, biodibertsitatea aberasteko, turistek gertutik ikusi ahal izatea eta, aurrerago, 70 aletik gora dagoenean, ehiza kontrolatua egitea.

Sarrioak PirinioetakoParke Nazionaleko Biarnoko ibarretatik datoz, zehazki esanda, Aspe eta Ossau ibarretatik, eta Altzai, Lakarri eta Mendibe udalerrietako eremuetan askatu dituzte, Nafarroa Beherea eta Zuberoa artean. Operazioa ehiztarien federazioak gauzatu du, Leader Pays Basque programaren finantzazioaz. Otsailean har bi eta bost eme askatu zituzten. Lepokoa eta GPS seinalea emititzen duen gailu bana jarri zieten.

Pirinioetan sarrioaren (rupicabra pyrenaica) mendebaldeko muga Belaguako goialdeetako haitzetan dago (Nafarroa). Espezie ezaugarri hori 1960ko hamarkadaren amaieran desagertu zen Zuberoa eta Nafarroa Behereko mendietatik, ehizaren ondorioz.