Roncesvalles – Orreaga, goi mendiko santutegia

This slideshow requires JavaScript.

Pirinioen erdian, historia, fedea, natura, artea eta legenda biltzen dituen bidegurutzea dago. Haietako bakoitzak bere onena eman du eta batuketa horretatik Orreaga sortu da, Euskal Herriko Pirinioetara hurbiltzen den ororentzat egin beharreko bisita. Bertan aurkituko ditugun altxor guzti-guztiak “Roncesvalles – Orreaga. Historia, arte y excursiones” liburuan jaso ditu Alberto Murok.

Argazkilari eta gidari ezaguna historian eta legendan murgildu da, buru belarri, bertan gertatu baitzen Erdi Aroko Europan gehien kantatu zen bataila eta bertan baitago erromes bide nagusiko geltoki garrantzitsua. Orreagako guda ospetsua, Errolanen kantuak, Done Jakue bidearen sorrera, kolegiatak gordetzen duen ondare artistikoa… horiek guztiak orrialdez orrialde isurtzen dira liburuan, bestelako gaiekin egoki horniturik: Iturissa hiri zaharra, Orreaga inguruko mendialde ederrak… Santutegitik abiatuta lau txango zoragarri proposatzen ditu.

Gaur egungo argazki liluragarriek eta antzinako irudi bitxiek gure arreta iltzatuko diote liburuari eskuetan hartu eta lasterrera. Testu arin eta zainduek jauzika eramango gaituzte gai batetik bestera, aitaren baten bi mila urteko historia jorratu arte.

“Roncesvalles – Orreaga” liburua Gandiaga bildumako bigarren alea da. Lehenengoa Arantzazuko santutegiari eskainitako liburua izan zen.

“Rutas y restaurantes con encanto”, Nafarroa dastatzeko eta ibiltzeko leku apartak

cubiertaRUTASyRESTAUR.indd

Suak liburu berezia argitaratu du, mendizaletasuna eta gastronomia uztartzen dituelako. Rutas y restaurantes con encanto de Navarra liburuak plan itzelak proposatzen dizkigu, zeinetan txoko ederretan barrena ibiltzeko txangoak egingo ditugun eta bazkari zoragarriak dastatuko ditugun. Adituen lanaren emaitza da liburua: Ritxar Tolosa argazkilaria eta Josema Azpeitia gastronomian aditutako kazetaria jatetxeez arduratu dira; Txusma Perez Azaceta mendizaleak, ostera, ibilbideak aukeratu ditu.

Orotara 38 dira jatetxeak. Mota guztietako sukaldeak, gustu guztiak asetzeko lain, hala bide ondoko bentak nola nazioartean ospea irabazi duten jatetxeak. Denek merezi dute bisita bat, gastronomia gurtzen duten lekuak direlako eta, seguru gaude, asko gozatuko garelako haien lanaren kalitateaz eta bezeroei egiten dieten harreraz. Hauek dira aukeratutakoak (handi ikusteko egin klik irudien gainean):

Atal bakoitza jatetxearen eta bertako lan-taldearen aurkezpenaz zabaltzen da. Osten, lokalaren jakingarriak biltzen dituen fitxa dakar, baita etxe horretako espezialitatea den errezeta ere. Eta, plana osatzeko, inguruetan egiteko moduko mendi buelta, txango edo paseoa. Bardeetatik Belaguara, Lesakatik Cascantera.

 

This slideshow requires JavaScript.

 

Suak Asturiaseko 31 ibilbide argitaratu ditu xendazaleentzat

cubierta SEND_AS.indd

Liburu-dendetan dago “31 rutas senderistas por Asturias”, Sonia Romok eta Manuel Blancok elkarlanean osatutako liburua. Asturiaseko geografia xarmagarriko eremu babestuetan barrena xendazaleentzako ibilbide gogoangarriak aukeratu dituzte.

Liburuko orrialdeetan Picos de Europako parke nazionala, Somiedo, Ponga edo Fuentes de Narcea natura-parkeak, Muniellos, Barayo edo Cueva de Caldas bezalako natura-erreserbak eta Río Eo, Oscos y Tierras de Burón biosferako erreserba ageri dira. Horiek gutxi balira, babestutako paisaiak sartu dituzte (10), baita natura-monumentuak ere (6).

Hortaz, liburuak Asturiaseko naturaren ondarearen alerik preziatuenak eskaintzen ditu. Ibilbideok egin nahi dituenak zain ditu ibaiak, haitzarteak, ur-jauziak haitzuloak, meandroak, trokak, itsaslabarrak eta mendi itzelak.

Egileak Manuel Blanco eta Sonia Romo dira. Biek ala biek, ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Asturiaseko parajeok. Senderismo por Asturias enpresan dihardute lanean, natura, etnografia eta ondare artistikoa zein industriala ezagutzeko ibilbideak eskaintzen.

“Senderismo” bilduman, ondoko liburu hauek argitaratu ditu Suak orain arte: “57 rutas senderistas por Euskal Herria”, “40 rutas senderistas por las Merindades de Burgos” eta “100 rutas senderistas por Navarra”.

This slideshow requires JavaScript.