Itsasoaren eta mendiaren arteko besarkadatik sortu da Gipuzkoako paisaia paregabea. Uretara amiltzen diren mendiak, kosta zelatatzeko talaiarena egiten duten muino apalak, barrualdeko ibarretako ermita batzuei darien itsas zaporea, ontzigintza elikatu duten oihanak… “80 rutas senderistas por Gipuzkoa” irakurtzen duenak, gidaritzat hartzen duenak, itsas haizearen laztana sentituko du aurpegian, kresal usainaz oxigenatuko da, olatuen marmarraz lasaituko da eta, nola ez, Bizkaiko Golkoa bere gorenean ikusiko du.
Hori gutxi balitz, mendi altuetara ere igoko da, urtegietako ertzetatik ibiliko da, kondairatik datozen pagadietan barrena murgilduko da eta sakanetatik gora joango da, horiek ere Gipuzkoako geografiak gordetzen diren altxorrak direlako. Eta bada gehiagorik: hirian barrenako ibilbideak, natura-parkeak, padurak, meatzeak…
Liburu honek 80 proposamen batu ditu. Goiz pasa ederra izan daitezke, ia denak umeekin egiteko modukoak, gehienak aldats gogorrik gabekoak. Askotan bide seinaleztatuetatik igarotzen dira. Edonork egiteko moduko xendazaletasuna, beraz.
Ibilbide horietatik gehien-gehienak Sua Edizioak-ek azken urteotan argitaratutako liburu eta aldizkarietan agertu dira. Denak errebisatu eta eguneratu dira. Ibilbideak aldean dakartza deskribapena, fitxa teknikoa eta mapa, baita argazkiak ere. Liburuko kontrazaleko barrualdean txango guztiak ageri dira, Gipuzkoako mapan egoki jarrita.