Gipuzkoako mendien gida zaharberrituta dator

GM_GIPUZKOA_SUA

Liburu-dendetara iritsi da “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioa. Azken hogei urteotan Gipuzkoako mendizaleen artean itzal handia lortu duen klasiko bihurtu da. Iñaki Alcalde Olivaresek eta Txusma Perez Azacetak idatzita, 2000. urtean agertu zen lehenengoz. Oraingoan, Txusma Perez Azacetak igoera guztiak berriro egin ditu, ibilbideak ikuskatzeko eta eguneratzeko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Mendiak bailaraka sailkatuta dakartza liburuak, planak uztartu nahi izanez gero errazago izan dadin. Gainera, mendi bakoitza bere ibilbidearen mapaz eta argazki batez hornituta ageri da.

Lerron azpian dagoen estekan, igoera horietako gutxi batzuk eta liburuaren aurkibide osoa (igoera guztien zerrenda) utzi dugu. Liburu ezinbestekoa da, dudarik gabe, Gipuzkoako mendiak ezagutu nahi dituenarentzat.

GM_GIPUZKOA_sareak

“Pueblos con encanto de Galicia”, lilurari gorazarre

GL04_CUBIERTA.inddGaliziak ez du hutsik egiten edertasuna hizpide hartu ezkero. Dela itsas bazterrean, dela ibai ertzean edo oihanaren erdian, gogotik egiten dio gorazarre lilurari. Galicia bildumako liburu berriak, “Pueblos con encanto y excursiones por los alrededores”alegia, 38 herri eder aurkezten dizkigu. Guztiak dira ederrak, baina, horrez gain, liluratu ere egiten dute, paregabeak direlako, pintoreskoak, lasaiak, harrigarriak edo abegikorrak. Xarma darie herri txiki hauei antzinako eraikinetako harrien artetik, edo oihan hezeen gerizpean, gozo besarkatzen dituen natura basatiaren altzoan… Anxo Rial adituak egin ditu deskribapenak eta argazkiak, ohi duen trebeziaz eta dotoreziaz.

Nahi baduzue dastaketa txiki bat egin, klikatu beheko estekan eta bertan aurkituko dituzue liburuko herrien zerrenda, hitzaurrea eta herrietako bat. Que teñas unha boa viaxe!

Pueblos Galicia

Liburu egun zoriontsua!

liburuak

Nork, ez bada liburuak, jarriko du gure irudimena hegan, gainezka egin arte, mundu amaigabeetan barrena abiadura sideralean bidaia eginez… erregairik batere kontsumitu gabe.

Nork, ez bada liburuak, argiztatu ditzake sakoneko ilunpeak, gure gogoa animoz bete eta gure aurpegietan irribarrea marraztu… esaldi, istorio, argazki edo ilustrazio soil baten bidez.

Nork, ez bada liburuak, bete ditzake gure orduak asperdura mendean aise hartu eta gero, gure isiltasunak solasez osatu, gure oinak tipi-tapa ibilian jarri mendian gora, oihanean zehar edo arroilan barrena… batere nekatu barik eta izerditan jarri gabe.

Nork, ez bada liburuak, lagun gaitzake eta eskaini unibertso osoa, bizitza paraleloa, ihesbidea… ondoriorik, murrizketarik eta ezkutuko asmorik gabe.

Liburuak beti izan dira, eta badira, liluratzen gaituzten munduetarako leiho paregabeak; sorgindu egiten gaituzte eta tarte baterako ihesera garamatzate. Mundu horietan osorik eta desberdin sentitzen gara, orrialdeen murmurioa lagun. Abiatu zaitez zu ere, irakurle hori, gustatzen zaizkizun liburuetan dabilen zure bikiaren bila. Sua Edizioak egiten dugunon partetik, Liburu Egun zoriontsua!