Euskal Herriko perretxikoen gida

2025eko udazken lehor honek ez dio poz askorik ekarri perretxikozaleari, baina hori amaitu da. Ez, ez gatoz datozen asteetako eguraldia iragartzera, albiste eder baten berri ematera baizik: liburu-dendetan da Euskal Herriko perretxikoen gida. Cristóbal Burgos adituak aukeratu ditu espezieak eta prestatu ditu dagozkien deskribapenak eta argazkiak.

Euskal Herriko perretxikoen gida berri honek hirurehunen bat espezieren berri ematen du. Ohikoenak eta zaletuek gehien ezagutzen dituztenak dira. Beraz, tresna eragingarria jarri nahi du zaletu guztion esku, perretxikotan mendira goazenean zertan gabiltzan jakin dezagun. Hain zuzen, informazio zehatza erantsi dio egileak zer espezie den aise jakiteko, ezaugarriak jaso, antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztu eta jangarriak diren ala ez ebatzi ahal izateko.

Gida berri honetan kuku bat egin nahi baduzue, beheko estekan lagin txiki bat utzi dugu. Ondo ibili perretxikotan!

“Goian zerua eta behean lurra”, Mikel Zabalzaren mendi ibilera harrigarriak

Mikel Zabalza iruindar mendizale zailduari beti gustatu izan zaio negua. Pirinioetan hasi zen eskaladan, Gavarnieko zirkuan, izotzezko bide etereoetan. Eskia egin du, Himalaiara joan da, eta bide berriak ireki ditu ohiko ibilbideetatik aldendutako harkaitz erraldoietan, eta Antartikako izotzetan barrena egin du aurrera, haizearen bultzadak lagunduta, lera bati tiraka. Goian zerua eta behean lurra liburuan, kontakizunean aurrera egin ahala, bere kordadaren parte izango gara.

Alpeetara eta Patagoniara joango gara, munduko horma handietara, eta haien babesean egingo dugu lo, haizea eta elurra nagusi diren altitudeetan: Peuterey, Trango, Piergiorgio, Kanchenjunga, Dunagiri, Maud Erreginaren Lurraldea, Everest eta K2, Abruzzoen ezproia, Gasherbrum II eta IV, Broad Broad Peakeko hiru gailurren zeharkaldia, Nuptse, Paiju Peak Hegoaldeko Dorrea, Phurbi Chyachu… eta, beti-beti, Pirinioak.

Nahi duenak liburuan kuku bat egin, hemen dauka lagin txiki bat, aurkibide eta guzti. Gozatu!

“Mañaneras por Navarra”, goizpasa mendian egiteko plan ederrak

Ez zaio arrazoirik falta Iñaki Vigorri, esaten duenean “Nafarroan goizpasa mendian egitea oso erraza dela. Nahikoa da begiak itxi, atzamarra maparen gainean jarri eta, seguru, goiza mendian ederki emateko moduko ibilbide bat edo gehiago aukeratuko dugu, naturaz gozatzeko gure burua gehiegi estutu gabe”. Eta halakoak esaten ditu Mañaneras por Navarra liburua idatzi duelako. Hor 30 ideia ematen ditu mendian goizpasa ederrak egiteko.

Mendi itzuli horiek Nafarroako mendigune nagusietan eta inguruetako ibarretan barrena abiatzen dira. Ibardinen hasita eta Belaguaraino, Pirinioetako lerro guztian dabil, eta Lapoblacionetik Kasedaraino, Nafarroako erdialdeko tontor eta haranak bisitatu ditu. Ibilbide bakoitzaren deskribapenaz gain, egileak jakingarriak, mapa, tracka eta argazkiak erantsi ditu, baita dagokion eskualdeko gairen bat edo beste, beti ere historiarekin, naturarekin, kulturarekin edo etnografiarekin lotuta.

Liburuko ibilbideak egitean, ehunka tontorrez gain, oihanak, haitzuloak, iturburuak, ur-jauziak, megalitoak, baskoien herriak, gazteluak eta are desertuak ere aurkituko ditugu. Nafarroa bertatik bertara ezagutzeko gonbit kitzikagarria dakar.

Iñaki Vigor urte luzez aritu da kazetari moduan eta mendi eta ondare gaietan aditua da, Sua Edizioak argitaletxearekin liburu bi gehiago ditu: Mañaneras. 50 excursiones de media jornada eta Travesía de los Mugarris. Del Bidasoa a Belagua.