Mundumira, plaza bete musika

 

Kiko_VenenoKiko Venenok zapatuan joko du Mundumiran. 

Ostiralean abiatuko da Mundumira 2014 Arrasaten eta bertan atonduko diren eszenatokietara goi mailako artistak igoko dira. Musikari besterik erreparatzen ez badiogu, galtza bete lan ibiliko gara eskaintza guztiari kasu egiteko. Eta a zelako eskaintza dakarren!

Ostiralean gaueko bederatzietatik aurrera, Damba eta Betagarri arituko dira Biteri plazan, biak ala biak disko berria aurkezteko gogotsu.

Larunbatean, eguerdian, Joseba Irazoki eta Makala Jazz Funk Banden txanda izango da, Biteri plazan bertan. Arratsaldean, berriz, Urko Menaia abeslaria Herriko Plazan arituko da seietatik aurrera eta, leku horretan bertan baina ordu bi geroago, brasildar doinuak Yamamahren eskutik. Zortzietan ere Mery May taldeak joko du, baina Biteri plazako eszenatokian. Bitartean, kaleetatik Family Mboloren senegaldar musika ozen entzungo da. Gaueko hamarretan, berriz, Iñaki Plaza trikitilaria eta Kiko Veneno (23:30), Biteri plazako eszenatokian.

Azkenik, igandean, eguerdiko ordubatetatik aurrera, The Potes taldekoek (The Pogues mitikoen bertsioak egiten dituzte), Biteri plaza alaituko dute. Arratsaldean, ostera, Kontakt dantza saioa Biteri plazan (18:00), mexikanadak herriko plazan Jalisko Banden eskutik (18:30) eta, azkenburu gisa, Herritmo ikuskizuna bikaina, Kukai, Oreka Tx eta Kalakan taldeen eskutik Amaia antzokian (20:00).

 Betagarri1Betagarri.

Ekoferixa azoka ekologikoa, Mundumiran estreinakoz

azokaSaltokia Mundumirako gastronomia azokan.

Datorren astebururako Mundumirak prestatu duen egitarau bete-betean nobedade garrantzitsuenetako bat nabarmendu da: Ekoferixa, produktu ekologikoen eta slow foodaren azoka. Larunbatean eta igandean Arrasateko Herriko plazan egongo da.

Hogei saltoki izango dira, orotara, modu ekologikoan egindako produktuak erakutsi eta salgai paratuko dituzttenak. Gainera, Ekoferixaren abaroan hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak emango dituenak kasu edo, bestela, Xavier Rodriguez katalandar artisauaren gidaritzapean txokolatea azken bost mendeetan egiteko erak bisitatzera eramango gaituena. Bestelako kontuak ere jorratuko dira, hala nola garraio modu alternatiboak eta energia berriztagarriak. Beste modu batez bizitzea gero eta posibleagoa delako.

Erroibarko bideak, balizatu eta interneten jarri dituzte

erroibar

Erroibarko Udalak (Nafarroa) 26 bide seinaleztatu, egokitu eta interneten jarri berri ditu eskuragarri. Jardun horren ondorioz, udalerri osoa zeharkatzen duen bide sarea osatu du. Bide horien zailtasun mailak, iraupenak eta ibilbideak oso desberdinak dira, hasi Sorogaingo pagadira doan bidezidorretik (1,8 km) eta buka Urepeleko bide zaharrarekin (22 km). Bide horietako batzuk ibarreko herriak elkarren artean lotzeko erabili izan dira (Aintzioa-Esnotz esate baterako), eta beste batzuk balio handiko natur parajeetan barrena abiatzen dira, Muskildako hariztia kasu.

Ibilbideak Erroibarko webgunean bertan aurki daitezke edo, bestela, Wikilocen.

Erroibar Nafarroako Pirinioetako erdialdeko ibar eder eta zabala da. Adi eta Lindux mendi harroen itzalpean bizi da. Hala paisaiaren aldetik nola natur balioen eta kulturaren arlotik leku zinez interesgarriak dauzka. beharbada ezagunena Sorogaingo ibarra izan daiteke, Kintoa aldean. Goi aldeetako larre horietan bazkatzen dute inguruetako zaldi, behor, behi eta ardi anitzek maiatza eta azaroa bitartean. Sorogainen bertan aziendak markatzeko jai bi egiten dira, lehenengoa maiatzaren hasieran, irailean bestea.