Suak Ignaziotar Bidearen gidaliburua kaleratu du

CUBIERTA ignaciano.indd

Orotara 600 kilometrotik gora eta 27 etapa bete behar dira Loiolako santutegitik Manresaraino joateko. Leku bi horiek San Ignazioren bizitzan eragin handia eduki zuten eta orain ibilbide seinaleztatu batek lotzen ditu. Sua Edizioak-ek “Guía del Camino Ignaciano” argitaratu berri du, Loiolako Enekok duela ia 500 urte egin zuen bidaia egin nahi dutenentzat ezinbestekoa.

Ignaziotar Bidea 2012an sortu zuten santuak 1522an urratu zituen 650 kilometroak zedarritzeko. Orduko hartan Loiolako haren etxetik atera eta, krisi pertsonal sakonean zegoela, Montserrateko santutegiraino joan zen. Handik Manresa ondoko haitzulo batera aldatu zen. Bere azken helburua Jerusalen zen eta, geldialdiak geldialdi, azkenean hara ere iritsi zen, Bartzelonan ontziratu ostean. Bidaia hartan lehengo gerlaria fededun bihurtu zen: Loiolako Enekok zaldun jantziak erantzi eta arlote baten gisa bizi izan zen Manresako kobazuloan, haren bizitzaz eta erlijioaz gogoeta egiten zuen bitartean.

Gaur Loiola eta Manresa bitarteko bidea egin dezakegu gezi laranjei kasu eginez. Ibar berde euritsuetan barrena ibiliko gara, Errioxako mahastien ondotik, Erriberako olibadietatik, Kataluniako Bagéseko goi ordekatik eta Monegroseko basamortu bakartitik. Aizkorri, Entzia edo Kodeseko mendietako magaletatik gora eta behera aurrera egin ondoren katedral ederrak ikusiko ditugu (Tutera, Zaragoza…) Montserrateko santutegi mitikora heldu aurretik.

Gidaliburu hau hiru kazetari adituen lanaren emaitza da: Sergi Ramis, César Barba eta Daniel Burgui. Liburuak etapa guztien deskribapena dakar eta ibilbideko mugarririk garrantzitsuenak non dauden zehaztu ditu. Gainera, argazkiak, mapak eta bidean azalduko zaigun natura, historia eta kultura arloetako ondarearen gaineko jakingarriak bildu ditu.

This slideshow requires JavaScript.

Hona hemen harrituko zaituzten lekuak

Alberto Murok eta Sua argitaletxeak 38 txango aukeratu dituzte “Rincones que te sorprenderán” liburua osatzeko. Euskal Herrian barrena eramango gaituzte leku berezien bila. Toki horietan naturak, historiak, ondareak, paisaiak edo jendearen jardunak zur eta lur utziko gaituzte. Gure herria hobeto ezagutzeko eta gure herriaz gehiago gozatzeko. Leku horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hona hemen zerrenda:

eh16-rincones-aurkibidea1eh16-rincones-aurkibidea2

“Rincones que te sorprenderán”, harri eta zur utziko zaituen Euskal Herria

EH 16 RINCONES_cubierta

Liburu berezia dakar oraingo honetan Euskal Herria bildumak, oraindik ere ezagutzen ez dugun herria dakarrelako, hain zuzen. Gidaliburuetan agertzen ez dena, hedabide nagusietako leku nabarmenetatik at geratu ohi dena, gure begien aurrean egonik ere oharkabean igaro daitekeena. Euskal Herri hori da “Rincones que te sorprenderán” liburu honetako protagonista, hura ere paregabea izan daitekeelako, gu guztiok aho bete hortz uzteko gauza. Eta liburua esku artean hartzean kargutuko gara benetan izena eta izana bat datozela: harri eta zur utziko gaituen Euskal Herria bildu du.

Liburuko orrialdeetan barrena Arkamuko mendi ederretako sekretuak ikasiko ditugu, Txulato mendia zaintzen dituzten gazteluetara helduko gara, Maruelezako herri harresitura joko dugu, Sarastarrin lur azpiko lakuan izango gara, Aralarko jentilen etxoletara sartuko gara eta Zuberoako mendi eder baten gainean duela bi mila urte gurtu zuten jainkosaren bila abiatuko gara.

Horiek denak lagin txikia baino ez dira, liburuak dakartzan 38 txangoetatik sorta txikerra baino ez. Egilea, Alberto Muro, argazkilaria eta gida izateaz gain, Euskal Herria goitik behera korrituta dago. Haren testu iradokitzaileen eta argazki zoragarrien bidez erraz heldukok gara leku harrigarri horietara. Gainera, Euskal Herria bilduman ohi dugun legez, ibilbide bakoitzari mapa eta fitxa teknikoa erantsi diogu. Horrela, are samurrago iritsiko gara harri eta zur lagako gaituzten Euskal Herriko txoko horietara.

This slideshow requires JavaScript.