Txangoak trikuharri, iruinarri eta harrespiletara

eh-19-megalitosGure mendietako lepo eta harrateetan zazpi eder daude. Gehienak, edertasun naturalak dira, alegia, natura bere ederrean, paisaiaren zoragarria; baina badira beste anitz pertsonei zor zaizkienak, kulturari lotutakoak, historiaren lekukoak, etnografikoak. Hain da horrela ezen Euskal Herriko mendiak aire libreko museo erraldoi gisa ikustea ere badagoen, prehistoriako milaka monumenturen gordailu. Ikusgarrienak Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrian ageri dira: “Dólmenes, crómlech y menhires”, Alberto Murorena.

Liburuak monumentu megalitikoetaraino eramango gaituzten 34 txango dakartza. Zazpi herrialdeetan barrena ibiliko gara, Arabako Errioxatik edo Artaxoatik Belagua edo Behorlegiraino. Jakina, zerrendan megalitorik esanguratsuenak ageri dira: Chabola de la Hechicera edo Sorginetxe bezalako trikuharri dotoreak, Oianlekuko mairubaratzak, Ilarritako nekropoli itzela eta bost metro altu den Kurutzeganeko iruinarria. Baina, horiez gain, gutxi batzuek besterik ezagutzen ez dituztenak ere bildu ditu liburuak: Kuartango ibarreko trikuharriak, Busturiko iruinarri pertsona formakoa, Longarreko hipogeoa (Viana).

Monumentu horien bila Alberto Muroren eskutik joango gara. Argazkilaria, kazetaria eta gidaria, Euskal Herria goitik behera eta alderik alde ibilitakoa da. Liburuko irudi ederrek monumentu horiek bertatik bertara ikusteko grina piztuko digute. Are gehiago jakinda leku horiek askotan paraje kitzikagarriak direla. Bertaraino iristen lagunduko digute liburuko testuek, mapek eta fitxa teknikoek. Ez dago galtzerik.

This slideshow requires JavaScript.

Bilbo aldeko zubiak, eder eta harrigarri

puentes-de-bilbaotxiki

Suak “Los puentes de la Ría de Bilbao” liburua argitaratu du, Ibaizabaleko azken 15 kilometroetan ibaia zeharkatzen duten zubiei begirada harrigarri eta kitzikagarria. Pedro Zarrabeitiaren argazki paregabeak eta Argiñe Areitioren testu zainduek Bilboko itsasadarreko hamazazpi zubien ikuspegi berria eskaini digute .

Zarrabeitiaren argazki bitxiek, fantasiazko zipriztinez ukituta, irakurleen irudimena piztea dute helburu. Areitioren testuek, berriz, eskutik hartuko gaituzte zubirik zubiko paseo zoragarrian barrena egiteko eta haien iragana eta ertz batetik bestera igaro den bizitza jarioa ezagutzera emateko.

Gizateriaren ondare da Bizkaia zubia; Bilboko armarriko zubiaren oinordekoa San Antongoa; biak ala biak, beste hamabostekin batera, liburuan daude, hala bidezubi funtzionalak nola diseinu bikaineko zaldainak. Boluetako Zubibarritik Portugalete eta Areeta arteko zubi esekiraino, bidaia zirraragarria dugu zain burdinazko itsasadarretik behera.

Lerron azpian, prentsan liburuari buruz agertutako artikulu bi, Bilbao eta Getxoberri aldizkarietakoak hain zuzen.

Sei tentazio 2017rako

eh-liburuak-2017-guztiak

Antigoaleko galtzadak, tontor bakartiak, megalitorik ikusgarrienak, ibilbide botanikoak, antzinako gerra iruin edo gazteluzaharrak eta santutegi zein monasteriorik itzaltsuenak dira Euskal Herria Liburuak bildumak 2017rako proposatuko dizkigun planak. Sei liburu zoragarriok, zelan ez, adituen eskutik etorriko zaizkigu.

Horra hor, esaterako, Santi Yaniz, bildumarako liburu biren prestaketan diharduena. Lehenengoa, “Caminos históricos” (maiatza) galtzada zaharren bila abiatuko da, gaur arte iraun duten lauza gastatuen ilaren xerka. Hamaika urratsen zoru, zazpi pasarte historikoren lekuko, bide zahar horiek paraje zoragarrietan barrena murgiltzen dira. Eta haiekin, gu. Bigarren liburuak, “Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra” (iraila), paisaia zedarritzen duten gerra eraikin harrigarriak jarriko ditu agerian.

Alberto Murok ere liburu bi argitaratuko ditu aurton Euskal Herria bilduman. Lehenengoa datozen egunotan helduko da harpidedunen etxeetara eta liburudendetara eta aldean ekarriko ditu megalitorik ederrenak: “Dólmenes, cromlechs y menhires”. Bigarrenak, ostera, bestelako arloetara eramango gaitu, santutegi eta monasterioetara alegia (azaroa), txangoak eta altxor gastronomikoak egoki nahasturik.

Bestelako gutiziak ekarriko dizkigu Jon Benitok, Sua Edizioak-eko aspaldiko kolaboratzaileak. Argazkilaria eta biologoa, “Rutas botánicas” (uztaila) liburuaren prestaketan dabil, gure landare ondareaz, batez ere loreez, gozatzeko txangoak diseinatzen.

Azkenik, Txusma Perez Azaceta mendizalea, Sua Edizioakeko lankidea, “Las otras cumbres de las montaña vasca” (martxoa), liburuaren atonketan dihardu. Mendi txango gehienek bazter uzten dituzten tontorren artean ederrenak aukeratu ditu, igoera politak ez ezik bazter miragarriak gordetzen dituztelako.