Antigoaleko galtzadak, tontor bakartiak, megalitorik ikusgarrienak, ibilbide botanikoak, antzinako gerra iruin edo gazteluzaharrak eta santutegi zein monasteriorik itzaltsuenak dira Euskal Herria Liburuak bildumak 2017rako proposatuko dizkigun planak. Sei liburu zoragarriok, zelan ez, adituen eskutik etorriko zaizkigu.
Horra hor, esaterako, Santi Yaniz, bildumarako liburu biren prestaketan diharduena. Lehenengoa, “Caminos históricos” (maiatza) galtzada zaharren bila abiatuko da, gaur arte iraun duten lauza gastatuen ilaren xerka. Hamaika urratsen zoru, zazpi pasarte historikoren lekuko, bide zahar horiek paraje zoragarrietan barrena murgiltzen dira. Eta haiekin, gu. Bigarren liburuak, “Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra” (iraila), paisaia zedarritzen duten gerra eraikin harrigarriak jarriko ditu agerian.
Alberto Murok ere liburu bi argitaratuko ditu aurton Euskal Herria bilduman. Lehenengoa datozen egunotan helduko da harpidedunen etxeetara eta liburudendetara eta aldean ekarriko ditu megalitorik ederrenak: “Dólmenes, cromlechs y menhires”. Bigarrenak, ostera, bestelako arloetara eramango gaitu, santutegi eta monasterioetara alegia (azaroa), txangoak eta altxor gastronomikoak egoki nahasturik.
Bestelako gutiziak ekarriko dizkigu Jon Benitok, Sua Edizioak-eko aspaldiko kolaboratzaileak. Argazkilaria eta biologoa, “Rutas botánicas” (uztaila) liburuaren prestaketan dabil, gure landare ondareaz, batez ere loreez, gozatzeko txangoak diseinatzen.
Azkenik, Txusma Perez Azaceta mendizalea, Sua Edizioakeko lankidea, “Las otras cumbres de las montaña vasca” (martxoa), liburuaren atonketan dihardu. Mendi txango gehienek bazter uzten dituzten tontorren artean ederrenak aukeratu ditu, igoera politak ez ezik bazter miragarriak gordetzen dituztelako.