“Montes de Araba”, 320 mendi igoera bikain

“Guía de montes de Araba” liburu klasikoaren bosgarren edizioa goitik behera zaharberrituta dator. Josean Gil-Garcia mendizale adituak banan-bana ikuskatu ditu ibilbide guztiak, gaur egun zertan diren ikusi du, egoera txarrean daudenak edo interesa galdu dutenak baztertu eta bide berriak aurkitu ditu. Emaitza bikaina da. Arabako 126 mendira heltzeko 320 igoera dakartza, ohi bezala ederki deskribatuta, jakingarri guztiekin, mapa eta argazki banarekin.

Liburu mardula da “Guía de montes de Araba”. Bertan daude federazioaren Euskal Herriko mendien katalogoko Arabako tontor guzti-guztiak. Eta bat gehiago, Arrayuelas ere tartean dago eta. Horien bidez Arabako paisaien aniztasuna eta joritasuna ezagutzeko parada izango dugu, hasi ibar atlantikoetako mendietan eta amaitu Toloñon eta Valderejon, tartean daudela Aratz edo Gorbeia bezalako handiak, Entzia aldeko goi-lautadako gailurrak edo Badaiako tontor bakartiak.

Josean Gil-Garcia mendizale aditua da eta urte asko dira dibulgazio lanetan hasi zenetik. Sua Edizioak-ekin liburu asko plazaratu ditu eta, horrez gain, Berria egunkarian ere mendi ibilbideak argitaratzen ditu. Beheko bideoan, liburua aurkeztuko digu.

“Cumbres anejas”, igoera itzelak etxetik hurbil

Zer esana eman du azken hilabeteotan Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé mendizaleen “Cumbres anejas” liburuak. Euskal Herritik hurbil edo muga-mugan dauden lurraldeetan 57 igoera proposatu ditu. Etxetik hurbil dauzkagun mendiak dira, eta oso-oso erakargarriak. Baina zeintzuk dira?

Lerroon azpiko estekan liburuko aurkibidea jarri dugu, zeinean aurkituko duzuen 57 igoera horien zerrenda. Eta gainera, horietarik bi, oso-osorik. A zelako tentazioak, hasi Auñamendin eta Castro Valneraraino, Obarenes, Arando edo Demanda mendilerroa, Moncayo, Bisaurin, Alanos… Plan itzelak!

Hemen daude Euskal Herriko BTT ibilbiderik onenak

Egun gutxi egin ditu gure artean eta dagoeneko zeresana ematen hasi da. Iván Ruiz Rotaecheren “Las mejores rutas en btt” liburuak herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duten hogeita hamar ibilbide zirkular dakartza bere baitan, bizikletaz Euskal Herriaz goza dezagun. Nahi duzu jakin ze ibilbide diren?

Lerroon azpian Iván “Rota”k hautatu, diseinatu eta korritu dituen hogeita hamar proposamenen zerrenda laga dugu. Haiekin batera, sarrera laburra eta ibilbideetako bat jarri dugu, Zumaiako flyscha eta euskal kostaldeko geoparkea, hain zuzen ere. Horrela liburua zertan den jakingo duzue. Ondo ibili!

Bide batez: bildumaren itxura eta diseinua berriztatzeari ekin diogu. Ea gustatzen zaizuen!