“La gran ruta de los faros” liburuak mendizaleen eta hedabideen interesa piztu du

Ez dago dudarik. La gran ruta de los faros de Euskal Herria liburuak interes handi piztu du, hala publiko zabalaren artean nola hedabideetan. Esaten dugunaren erakusgarri da liburuaren egileari, Javi Pascual Otalorari alegia, egin dioten elkarrizketa andana eta eta liburuak dendetan eduki duen harrera beroa.

Liburuak hamasei etapa proposatzen ditu euskal kostaldeko itsasargi guztiak lotzen dituen ibilbidea osatzeko, hasi Arriluzen, Getxon, eta Biarritzeraino. Gaur egun hamairu dira indarrean dauden itsasargiak, baina horiez gain badira nabigazioa errazteko argi-balizak.

Liburua ezagutu nahi duenarentzat, lerro hauen azpian aurkibidea eta sarrera utzi dugu.

Eta hedabideetan agertutako elkarrizketa sortatik, hemen utzi dugu Radio Euskadin egindakoa:

https://eitb.eus/A_ngK4x0

Eta Berria egunkarian agertutako erreportajea:

https://www.berria.eus/bizigiro/argiari-segika_2120265_102.html

Azkenik, bideo honetan Javi Pascual Otalorak berak liburua zertan den azalduko digu.

“Ama Lur miresgarria”, euskal naturaren edertasun harrigarria

Segurtasun osoz esango dugu: Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak aho bete hortz utziko gaitu. Ama Lur miresgarria. Landare eta animalia harrigarriak liburua begietatik sartuko zaigu eta hitzekin sorginduko gaitu. Bere txikian, euskal naturak zazpi animalia, landare, onddo eta fenomeno sinesgaitz gorde ditu. Liburu honetan azalduko zaizkigu, Joseba del Villarren argazki zoragarrien eta Amador Prietoren testu bikainen bidez.

Landareak, oihanak, txoriak, ugaztunak, loreak, migrazioak, bizkarroiak, basamortuko biztanleak, zirina behar duten malbak, zohikaztegiak… Berrehun orrialdeko bidaia kitzikagarri honek lehenengo orrialdetik bertatik liluratuko gaitu. Eta, gainera, Euskal Herriko naturaren nondik norakoak ulertzeko gakoak jasoko ditugu. Gure begiak argazkietara iltzatuta geratuko dira, hain dira ederrak eta adierazgarriak. Eta argazkietatik testuetara igarotzean, berdin jarraituko dugu, azalpen argiak, erakargarriak eta txundigarriak tartekatu dituelako.

Euskal naturaren alderdi ezezagunak argitara ekarri dituztenak formazioz biologoak dira. Joseba del Villar natura-argazkilaria da, hamaika liburu eta dibulgazio-lanetan parte hartutakoa. Amador Prieto botanikan espezialitatuta dago eta testuen ardura hartu du. Biek egiten dute lan euskal naturaren kontserbazioaren alde.

Liburu hau Euskal Herria Liburuak bilduman euskaraz argitaratu den bigarrena da. Iaz ireki genuen bidea, Mikel Arrizabalagaren Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburuarekin.

“La gran ruta de los faros”, euskal kostaldea ezagutzeko ibilbidea

Abentura makala La gran ruta de los faros de la costa vasca liburu berriak proposatu diguna: Getxotik Biarritzera tipi-tapa joatea, itsasbazterrari segika itsasargiak bidarritzat hartuta. Hamasei etapa gogoangarri dira, Euskal Herria itsastarra bertatik bertara ezagutzeko eta urratsez urrats gozatzeko.

Zeharkaldia izanik, ahalegina eskatuko digu, jakina, baina etapak ez dira luzeak eta, horretaz, itsasondotik ibiltzeko plazeraz gain, han eta hemen azalduko zaizkigun harribitxiak patxadaz ikusteko astia edukiko dugu. Labarrak, talaiak, kaiak, hondartzak, bokaleak, landak, kalak, basoak, errekak, baserriak, ermitak, herriak eta hiriak tartekatzen urratsez urrats aurrera egingo dugu, kresala lagun dugula.

Egilea, Javi Pascual Otalora, eskarmentu handia dauka arlo honetan. Sua Edizioak-eko sortzaileetako bat izan zen eta bertako zuzendaria 30 urtez. Jubilatu eta gero, liburuak idazteari ekin dio. Hau laugarrena du. Aurretik argitara atera ditu Pueblos de Bizkaia con encanto, Pueblos de Araba con encanto eta Excursiones por riberas de ríos.