“Las mejores rutas en BTT” liburuak interes handia piztu du

Otsailaren amaieran kaleratu zen “Las mejores rutas en BTT” liburua, Iván Ruiz Rotaechek egindakoa, eta harrezkero harrera beroa jaso du hala hedabideetan nola publikoaren aldetik. Horren erakusgarri dira kazetariek egileari egin dizkioten elkarrizketak, baita salduenen zerrendan agertu izana ere.

“Las mejores rutas en BTT” liburuak hogeita hamar ibilbide bildu ditu Euskal Herrian mendi bizikletaz egiteko. Mota guztietako paisaietan barrena ibiltzen da, hala basamortua nola kostaldeko labarrak, oihanak, lautada zabalak eta Pirinioetako erraldoiak. Baietz zure gustukoa topatu!

Esan bezala, hasieratik bertatik igarri da liburu honekiko interes handia. Dagoeneko hedabide askok islatu dute, hala irratiek nola egunkariek eta agerkari digitalek. Adibidez, hemen uzten dizuegu Euskadi irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketa. 2 h 3 minutuan hasten da.

Eta irakurleek ere antzeko jakinmina erakutsi dute. Aste honetako liburu salduenen zerrendan agertu da Elkar liburu-dendetan, erdarazko ez-fikzioa ataleko bosgarren postuan.

Iván Ruiz Rotaecheren liburu honek aukera paregabea eskaintzen digu Euskal Herriaz bizikletaz gozatzeko. Bazatoz?

“Cumbres anejas”, igoera itzelak etxetik hurbil

Zer esana eman du azken hilabeteotan Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé mendizaleen “Cumbres anejas” liburuak. Euskal Herritik hurbil edo muga-mugan dauden lurraldeetan 57 igoera proposatu ditu. Etxetik hurbil dauzkagun mendiak dira, eta oso-oso erakargarriak. Baina zeintzuk dira?

Lerroon azpiko estekan liburuko aurkibidea jarri dugu, zeinean aurkituko duzuen 57 igoera horien zerrenda. Eta gainera, horietarik bi, oso-osorik. A zelako tentazioak, hasi Auñamendin eta Castro Valneraraino, Obarenes, Arando edo Demanda mendilerroa, Moncayo, Bisaurin, Alanos… Plan itzelak!

Hemen daude Euskal Herriko BTT ibilbiderik onenak

Egun gutxi egin ditu gure artean eta dagoeneko zeresana ematen hasi da. Iván Ruiz Rotaecheren “Las mejores rutas en btt” liburuak herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duten hogeita hamar ibilbide zirkular dakartza bere baitan, bizikletaz Euskal Herriaz goza dezagun. Nahi duzu jakin ze ibilbide diren?

Lerroon azpian Iván “Rota”k hautatu, diseinatu eta korritu dituen hogeita hamar proposamenen zerrenda laga dugu. Haiekin batera, sarrera laburra eta ibilbideetako bat jarri dugu, Zumaiako flyscha eta euskal kostaldeko geoparkea, hain zuzen ere. Horrela liburua zertan den jakingo duzue. Ondo ibili!

Bide batez: bildumaren itxura eta diseinua berriztatzeari ekin diogu. Ea gustatzen zaizuen!