Izadiaren Argazkilariak Bilboko Ondare Aretoan

1979501_428000550668832_1833030815_n

‘Angriff’ (erasoa) argazkia. Argazkilaria: Pal Hermans.

Goikoa bezalako irudi ikusgarriak gure zain daude Bilboko Ondare Aretoan. Ekainaren 7ra arte zabalik egongo da Bizkaiko Foru Aldundiaren erakustoki horretan ‘Naturaren Argazkilariak 2014’ erakusketa. Bertan European Wildlife Photographer of the year lehiaketako argazkirik bikainenak jarri dituzte ikusgai eta, haiekin batera, bost euskal argazkilari handien lanak eta eskola-umeentzako lehiaketako irudi sarituak.

Euskal argazkilari aukeratuak Xabier Armendariz, Carlos Villoch, Mikel Bilbao eta Sua Edizioak argitaletxearekin sarritan kolaboratu duten Santi Yaniz eta Joseba del Villar dira.

European Wildlife Phtographer of the year lehiaketako argazkiak ‘Izadiaren argazkilariak’ katalogoan argitaratu dituzte. 160 orrialdeko liburu horretan 18 herrialdeko 72 argazkilariren lanak ageri dira.

Sarrioak itzuli dira Iratiko ipar isurialdera

paulhermansGemse01

Sarrioak mendi garaietako haitzetan. Argazkia: CC BY Paul Hermans. 

Otsailean zazpi sarrio askatu zituzten Harsüdürrako mendietan, Iratiko Oihanaren ipar ekialdean, Zuberoa eta Nafarroa Behereko lurretan. Pirinioetako Parke Nazionaletik ekarri zituzten eta handik helduko dira beste batzuk ere, aurten hogei sarrio inguru horretan jare utzi arte. Helburua da inguru horretan sarrio multzo egonkorra sortzea, biodibertsitatea aberasteko, turistek gertutik ikusi ahal izatea eta, aurrerago, 70 aletik gora dagoenean, ehiza kontrolatua egitea.

Sarrioak PirinioetakoParke Nazionaleko Biarnoko ibarretatik datoz, zehazki esanda, Aspe eta Ossau ibarretatik, eta Altzai, Lakarri eta Mendibe udalerrietako eremuetan askatu dituzte, Nafarroa Beherea eta Zuberoa artean. Operazioa ehiztarien federazioak gauzatu du, Leader Pays Basque programaren finantzazioaz. Otsailean har bi eta bost eme askatu zituzten. Lepokoa eta GPS seinalea emititzen duen gailu bana jarri zieten.

Pirinioetan sarrioaren (rupicabra pyrenaica) mendebaldeko muga Belaguako goialdeetako haitzetan dago (Nafarroa). Espezie ezaugarri hori 1960ko hamarkadaren amaieran desagertu zen Zuberoa eta Nafarroa Behereko mendietatik, ehizaren ondorioz.

Abian da Deba, Zumaia eta Mutrikuko flyscherako bisita gidatuen denboraldia

flysh IZumaia eta  Deba arteko flyscha itsasotik ikusita. Argazkia: Sua Artxiboa.

Abendua bitartean luzatuko da aurten Deba, Zumaia eta Mutrikuko geoparkeko bisita gidatuen denboraldia. Bisita horien helburu nagusia kostaldeko flyscha da, baina barrualdeko karst alde zabal eta interesgarria ere indartu nahi izan dute.

Irteeretako gehienak itsasontziz egitekoak dira, batzuk oso-osorik eta besteak zati bat. Zumaia-Deba-Zumaia, Marearteko Zabalgunea, Flysch Beltza, Zazpi Hondartzak… hamaika aukera eder inguru horretako altxor geologikoak bisitatzeko.

Barrualdeko karsta ezagutzera emateko, Olatz ibar zoragarrian barrena Karsteko zaporeak izeneko ibilbide gidatua atondu dute. Bailarra horretan urek eragin duten higadura eta paisaia harrigarriekin txundituta geldituko dira bisitariak.

Informazio gehiago: www.geoparkea.com