Erroibarko bideak, balizatu eta interneten jarri dituzte

erroibar

Erroibarko Udalak (Nafarroa) 26 bide seinaleztatu, egokitu eta interneten jarri berri ditu eskuragarri. Jardun horren ondorioz, udalerri osoa zeharkatzen duen bide sarea osatu du. Bide horien zailtasun mailak, iraupenak eta ibilbideak oso desberdinak dira, hasi Sorogaingo pagadira doan bidezidorretik (1,8 km) eta buka Urepeleko bide zaharrarekin (22 km). Bide horietako batzuk ibarreko herriak elkarren artean lotzeko erabili izan dira (Aintzioa-Esnotz esate baterako), eta beste batzuk balio handiko natur parajeetan barrena abiatzen dira, Muskildako hariztia kasu.

Ibilbideak Erroibarko webgunean bertan aurki daitezke edo, bestela, Wikilocen.

Erroibar Nafarroako Pirinioetako erdialdeko ibar eder eta zabala da. Adi eta Lindux mendi harroen itzalpean bizi da. Hala paisaiaren aldetik nola natur balioen eta kulturaren arlotik leku zinez interesgarriak dauzka. beharbada ezagunena Sorogaingo ibarra izan daiteke, Kintoa aldean. Goi aldeetako larre horietan bazkatzen dute inguruetako zaldi, behor, behi eta ardi anitzek maiatza eta azaroa bitartean. Sorogainen bertan aziendak markatzeko jai bi egiten dira, lehenengoa maiatzaren hasieran, irailean bestea.

Nerbioiko ur-jauzia, txori-begiz

Martxoan bidali ziguten HDpro enpresakoek Nerbioiko ur-jauzi ikusgarriaren bideo hau. Dron bidez egin zuten grabaketa eta horri esker paraje liluragarri horretako ezohiko ikuspegia eskaintzen du. Ezin izan diogu gure blog sortu berrira ekartzeko tentaldiari eutsi. Hemen daukazue Nerbioiko ur-jauzia, 220 metroko saltoa, txori-begiz ikusita.

Salto del Nervión from HDpro on Vimeo.

Nerbioiko ur-jauzia Burgos eta Araba arteko mugan dago, Gorobel-Salbada eta Gibijoko mendilerroak elkartzen diren aldean. Euri edo elur handien ostean agertzen da ur-saltoa. Bertara heltzeko biderik ohikoena Urduñako mendate gainetik abiatzen da.

Ongi etorri eta urte askotarako!

Mezu honekin abian jarri dugu Euskal Herria liburu bildumaren bloga. Hemen aurkituko dituzue aurrerantzean kolekzioaren gaineko albisteak, Sua Edizioak argitaletxearen nobedadeak eta, oro har, gure herriko kultura, aisialdia, natura eta mendia hobeto ezagutzeko aukerak, berriak, proposamenak…

Jakingo duzuenez, Euskal Herria aldizkariaren azken zenbakian Sua Edizioak argitaletxeak proposamena egin zien irakurle eta harpidedunei aurrerantzean ere elkarrekin jarraitzeko, modu honetan: urtean sei liburu jaso lehen aldizkariaren truke ordaintzen zuten prezio berean. Liburuen edukia Euskal Herria aldizkaria elikatu zuen mami berdinaz osatuko da: kultura, mendia, aisialdia eta natura. %80tik gora baiezkoa eman zuen. Horregatik dago, gaur egun, bilduma hau, haiei esker iraun du Euskal Herriak. Mila-mila esker!

Bloga ez dator bakarrik. Abian dira, halaber, hala facebook nola twitter kontuak, Euskal Herriaz gehiago jakin nahi duten guzti-guztiei zabalik. Ezin delako maite ezagutzen ez dena. Jakina, aldi berean, ateak zabal-zabalik daude iritziak, iradokizunak, ideiak, kritikak eta animoak bidali nahi dituztenentzat.

Ea denon artean leiho handi eta ederra irekitzen dugun Euskal Herriari begiratzeko. Urte askotarako!