Mundumira 2014ko azken kamiseta solidarioak, merkeago

camisetA 2014 DEF 4 tintasIgaro den asteburuan arrasatearrek eta milaka bisitarik eguraldi zantarrari aurpegia eman eta Mundumira zoragarria osatu zuten. Herriko kale eta plazak jendez mukuru bete ziren, munduko zaporez, artisautzaz eta musikaz gozatzeko irrikan.

Giro itzel hartan handiek eta txikiek eduki zuten arrakasta, Kiko Venenok eta The Potesek, Herritmoa ikuskizunak eta Besaide taldearen eskutik mendira jo zuen ausart kuadrilla handiak, lainoari eta euriari jaramonik egin barik. Artisauen, ekoizle ekologikoen, hango eta hemengo gastronomiak lantzen dituztenen poza izan da Mundumira, baita horiekin guztiekin gozatzen dugunona ere.

Jaia amaitu bada ere, oraindik ere badago haren helburu nagusienetako bati, elkartasunari alegia, heltzeko aukera. Mundumira 2014ko azken elastikoak deskontuaz datoz: 15 euro (18 eurotan saltzen zen) publikoarentzat, 9 euro Euskal Herria Liburu bildumako harpidedunentzat. Aurreko urteetan bezala, elastikoaren salmentaz lortutako diruaren zati bat Debagoienako GKEek kudeatutako elkartasun proiektuetara bideratuko da.

Eskariak: bezero@euskalherria-aldizkaria.com / Tel.: 902 18 14 71.

Mundumira1

Udaletxeko plaza, domeka goizez.

Mundumira2

Mendizale handi bi, Felipe Uriarte eta Alex Txikon, Mundumiran. 

Mundumira, plaza bete musika

 

Kiko_VenenoKiko Venenok zapatuan joko du Mundumiran. 

Ostiralean abiatuko da Mundumira 2014 Arrasaten eta bertan atonduko diren eszenatokietara goi mailako artistak igoko dira. Musikari besterik erreparatzen ez badiogu, galtza bete lan ibiliko gara eskaintza guztiari kasu egiteko. Eta a zelako eskaintza dakarren!

Ostiralean gaueko bederatzietatik aurrera, Damba eta Betagarri arituko dira Biteri plazan, biak ala biak disko berria aurkezteko gogotsu.

Larunbatean, eguerdian, Joseba Irazoki eta Makala Jazz Funk Banden txanda izango da, Biteri plazan bertan. Arratsaldean, berriz, Urko Menaia abeslaria Herriko Plazan arituko da seietatik aurrera eta, leku horretan bertan baina ordu bi geroago, brasildar doinuak Yamamahren eskutik. Zortzietan ere Mery May taldeak joko du, baina Biteri plazako eszenatokian. Bitartean, kaleetatik Family Mboloren senegaldar musika ozen entzungo da. Gaueko hamarretan, berriz, Iñaki Plaza trikitilaria eta Kiko Veneno (23:30), Biteri plazako eszenatokian.

Azkenik, igandean, eguerdiko ordubatetatik aurrera, The Potes taldekoek (The Pogues mitikoen bertsioak egiten dituzte), Biteri plaza alaituko dute. Arratsaldean, ostera, Kontakt dantza saioa Biteri plazan (18:00), mexikanadak herriko plazan Jalisko Banden eskutik (18:30) eta, azkenburu gisa, Herritmo ikuskizuna bikaina, Kukai, Oreka Tx eta Kalakan taldeen eskutik Amaia antzokian (20:00).

 Betagarri1Betagarri.

Ekoferixa azoka ekologikoa, Mundumiran estreinakoz

azokaSaltokia Mundumirako gastronomia azokan.

Datorren astebururako Mundumirak prestatu duen egitarau bete-betean nobedade garrantzitsuenetako bat nabarmendu da: Ekoferixa, produktu ekologikoen eta slow foodaren azoka. Larunbatean eta igandean Arrasateko Herriko plazan egongo da.

Hogei saltoki izango dira, orotara, modu ekologikoan egindako produktuak erakutsi eta salgai paratuko dituzttenak. Gainera, Ekoferixaren abaroan hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak emango dituenak kasu edo, bestela, Xavier Rodriguez katalandar artisauaren gidaritzapean txokolatea azken bost mendeetan egiteko erak bisitatzera eramango gaituena. Bestelako kontuak ere jorratuko dira, hala nola garraio modu alternatiboak eta energia berriztagarriak. Beste modu batez bizitzea gero eta posibleagoa delako.