Mundumira, plaza bete musika

 

Kiko_VenenoKiko Venenok zapatuan joko du Mundumiran. 

Ostiralean abiatuko da Mundumira 2014 Arrasaten eta bertan atonduko diren eszenatokietara goi mailako artistak igoko dira. Musikari besterik erreparatzen ez badiogu, galtza bete lan ibiliko gara eskaintza guztiari kasu egiteko. Eta a zelako eskaintza dakarren!

Ostiralean gaueko bederatzietatik aurrera, Damba eta Betagarri arituko dira Biteri plazan, biak ala biak disko berria aurkezteko gogotsu.

Larunbatean, eguerdian, Joseba Irazoki eta Makala Jazz Funk Banden txanda izango da, Biteri plazan bertan. Arratsaldean, berriz, Urko Menaia abeslaria Herriko Plazan arituko da seietatik aurrera eta, leku horretan bertan baina ordu bi geroago, brasildar doinuak Yamamahren eskutik. Zortzietan ere Mery May taldeak joko du, baina Biteri plazako eszenatokian. Bitartean, kaleetatik Family Mboloren senegaldar musika ozen entzungo da. Gaueko hamarretan, berriz, Iñaki Plaza trikitilaria eta Kiko Veneno (23:30), Biteri plazako eszenatokian.

Azkenik, igandean, eguerdiko ordubatetatik aurrera, The Potes taldekoek (The Pogues mitikoen bertsioak egiten dituzte), Biteri plaza alaituko dute. Arratsaldean, ostera, Kontakt dantza saioa Biteri plazan (18:00), mexikanadak herriko plazan Jalisko Banden eskutik (18:30) eta, azkenburu gisa, Herritmo ikuskizuna bikaina, Kukai, Oreka Tx eta Kalakan taldeen eskutik Amaia antzokian (20:00).

 Betagarri1Betagarri.

Mundumira 2014, munduko kulturen jaialdia itzuli egin da

kartela

Sua Edizioak argitaletxeko Euskal Herria Liburuak bildumak, Ginmusicak eta Debagoieneko Mankomunitateak asteburu bete jai antolatu dute maiatzaren 30a, 31 eta ekainaren 1erako. Mundumira, munduko kulturen jaia itzuli egin da, bete-betean itzuli ere, Arrasate giro onaz, musikaz, gastronomiaz, azokez eta kirolaz betetzera.

Musikaren gidaritzapean (Kiko Veneno, Betagarri, Yemamah….), hamaika ikuskizun harrigarri (Herritmo: Kukai, Oreka TX eta Kalakan), munduko gastronomien azoka, aurtengo berritasuna den Ekoferixa (produktu ekologikoen eta slow foodeko feria), txangoak inguruetako natur parajeetara, kirol erakustaldiak, hitzaldiak… Zentzumenak pizteko, gogoak asetzeko, tripazorriak dantzan ipintzeko eta jakin-mina areagotzeko programa bete-betea dakar Mundumirak.

Baina hori guztia handia izanda ere, giroa are garrantzitsuagoa izango da. Debagoieneko herritarren eta bisitarien artean jai giro aparta sortzen baita Mundumira eskualdera iristen den bakoitzean.

Segi Mundumiraren gaineko informazio guztia blog honetan, facebooken, twitterren edo Mundumiraren webgunean. Azken horretan egitarau osoa aurkituko duzu.